Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Baskonia

Arabar saskibaloi kluba. Saskibaloi sail moduan 1959an eratu zen izen bereko futbol klub talde baten barruan. 1968-69 denboraldia arte probintzia mailako kategorietan egon ondoren, Espainiako Estatu Mailako Hirugarren eta Bigarren mailak zeharkatu zituen hurrengo bi denboraldietan, eta 1971-72 denboralditik hona Espainiako Saskibaloi mailarik gorenean ari da; ACB Ligan, hain zuzen. Historian zehar, izen desberdinak izan ditu taldeak babesleen arabera: eta 1986 bitartean C.D. Baskonia izan zen; 1984tik 1986ra Caja Alava, eta 1987tik aurrera Taugrés eta Baskonia-Tau Cerámica izenekin jardun du, Kirol Elkarte Anonimo bilakaturik. Baskonia-Tau Cerámicak Fernando Buesa Arena pabilioian du egoitza –1990an inauguratu zuten pabilioiari Araba Arena jatorrizko izenaren ordez Fernando Buesa Arena eman zioten 2000ko martxoan ETAk hildako buruzagi sozialistaren omenez– eta hantxe lortu zuen 1996an bere titulurik garrantzitsuena: urte hartako Europako txapelketa. Horretaz gain, garaipen zerrenda luzea du: 1992-1993 eta 1993-1994 denboraldietan Europako Kopan finalista izan zen; 1994-1995 eta 1998-1999 denboraldietan Errege Kopa txapelketa irabazi zuen. ACB Ligan ez du oraindik titulurik erdietsi, baina 1997-1998 denboraldian finalista izan zen.