Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

baskoi

(Lat. vascones) adj eta iz. Antzinatean Euskal Herriko lurraldeetan bizi ziren adrerietako bat.  v  Gaurko Ipar Euskal Herrian bizi ziren euskal adreriak baskoiak izan bazitezkeen arren, beste izen batzuez (tarbelli, iluyrionenses, vernani, bigerrioni) deitu zituzten erromatarrek. Erromatarren inperioak bitan banatu zuen euskaldunen herria Pirinio mendiak ardatz harturik: iparraldeko adreriak Galiako Novempopulania probintzia barnean geratu ziren, eta hegoaldekoak Hispaniako Tarraconensis delakoaren mendeko bihurtu ziren. Baskoia, beraz, hegoaldeko adreritzat jo zen erromatarren garaian, baina administrazio banaketa hura desegin zenean (V. mendearen bukaera), vascon hitza erabiltzen hasi zen iparraldeko euskaldunak izendatzeko (hortik Baskonia eta Gaskonia). Hegoaldean ere, vascon izan zen, bisigodoak Hispanian sartu zirenetik bereziki, euskal leinu guztiei eman zitzaien izen nagusia.  v  Historia. Gainerako euskal adreriak bezala, baskoiak, egungo nafarren aitzinekoak, historiaurrean egokitu ziren Euskal Herrian (ez da euskaldunak kanpotik etorri zirela froga dezakeen inolako daturik). Iberiako Penintsulan K.a. III. mendetik aurrera sartu ziren erromatarrek K.a. II. mende hasieran egin zuten topo baskoiekin Ebro ibaiaren goi arroan eta K.a. 178. urtean Senpronio Gracok Gracurris hiria sortu zuen (egungo Alfaro, Errioxa), bertako baskoien hiriaz baliatuz. Honez gainera, berebiziko garrantzia hartu zuen Calahorra hiri baskoiak. Cascantum (egungo Cascante) hiritik hasita, eta Ebro aldea menderatu ondoren, erromatarrek euskal lurraldeen konkistari ekin zioten, baina K.a. I. mendearen bukaera arte ez zioten bururik eman. Baskoien lurraldean erromatarren arteko gerra zibila gertatu zen K.a. I. mendean (Sertorio eta Ponpeioren arteko gerra). Ponpeiok Pompaelo hiria eratu zuen Iruñean K.a. 75. urtean eta handik aurrera garrantzi handiko bereizketa egin zen penintsulako baskoien lurraldeetan: Ager Vasconum hegoaldeko lurralde laua eta Saltus Vasconum iparraldeko mendialdea. Iparraldean erromatar zibilizazioaren eragina urria izan zen, baina hegoaldean sendotu egin zen eta Iruñea bi aldeak lotzen zituen baskoien hiri nagusia bihurtu zen I. mendetik aurrera. Ager lurraldean hiri eta egoitza eusko-erromatarrak ugaldu egin ziren; bi bide nagusik irteten zuten biztanle gutxiago zuen iparraldera: baskoien Kantauri itsaso aldera zihoana bata (Oiarso, egungo Oiartzun, Irun eta Hondarribia) eta Pirinioez bestaldera hedatzen zena bestea (Summus Pyrinaeus, egungo Orreaga). Erromatarren egiturak ahulduz zihoazen neurrian, badirudi euskaldunek elkarren artera bildu zituztela indarrak eta V. mendetik aurrera vascon izenaz hasi zitzaizkien inguruko herriek euskaldun guztioi deitzen, gainerako leinuen izenak alde batera utzirik. Germaniar herrien inbasioen garaitik aurrera, baskoien edo euskaldunen lurraldea, Vasconia edo Guasconia erdaraz, Ebrotik Garonaraino hedatzen zen. Euskaldunak, bestalde, Saltus Vasconum izeneko mendialdetik Ager Vasconum eremu zabaletara hedatu ziren, eta Pirinioen alde bietako ordokiaetan hartu zuten bizilekua. Herrialde haiek euskaldunak ziren jatorriz eta ezin esan daiteke, Gregorio Toursko apezpiku frankoaren antzera (538-594, Historia Francorum), VI. mendearen bukaeran hegoaldeko baskoiek Pirinoetatik iparraldera hedatzen diren lurraldeak inbaditu eta euskaldundu zituztenik, lehenagotik ere euskaldunak baitziren. Migrazio handiak izan ziren, dena den, garai haietako Euskal Herri osoan. VI. mendearen bukaeratik aurrera baskoiak edo euskaldunak germaniar herrien aurka borrokatu ziren: frankoen kontra iparraldean eta bisigodoen kontra hegoaldean. Germaniar herriarekiko harreman zail hauen fruitua izan zen baskoiek eta euskaldun guztiek Erdi Aroan izan zuten lehen erakunde politikoa: Baskoniako Dukerria.