basamortu
iz. Ia landare eta animaliarik bizi ez den lurralde hareatsua. v Geol. Basamortua lurralde zabala da, euri urritasunak, lurraren irazkortasunak edo ura berehala lurruntzeak lehor eta antzu bihurtu dutena; mendiek alisio haizeari igarotzen uzten ez dieten tokietan edo presio garaien ondorioz euri gutxi egiten duen tokietan eratzen dira batez ere (urteko 25cm euri egiten du basamortuan batez beste). Lur osoaren % 20a basamortu lurra da, eta tropiko aldean dira ugarien. Animaliak (narrastiak bereziki; sugeak, luhartzak) eta landaretza (kaktusa, artemisa,…) eskasak izaten dira eta gizonentzat ere ez da bizitoki egokia; ur urritasunaz gainera aipatzekoak dira basamortuko tenperatura aldaketa handiak, egunean 70° C-ko gorabeherak izaten baitira. Harkaitzek edo harkaitz zatiek eta haizeak alde batetik bestera eramandako hareazko mendixkek osatzen dute basamortua; mendixka horien haranetan uadi (ibai modukoak) sortzen dira euria egiten duenean, baina berehala lur azpira sartu edo lurrundu egiten da errekatxo horietako ura eta lehortu egiten dira uadi horiek. Sahara, Nubia eta Kalahari (Afrikan); Australiakoa eta Atakama (Txilen); Arabia, Takla, Makan eta Gobi (Asian) dira munduko basamortu ezagunenetakoak.