Barceló, Miquel
Espainiar margolaria (Felanitx, Mallorca, 1957). Palmako Dekorazio Arteetako Eskolan eta Bartzelonako Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen. Gero, Taller Lunatic arte kontzeptualeko taldean sartu zen, Mallorcan. 1976an, haren margolanak bakarrik biltzen zituen lehen erakusketa antolatu zen, Palmako Arte Museoan. 1981ean Sao Pauloko bi urtez behingo erakusketan parte hartu zuen, 1982an Kasselgo Dokumenta erakusketan, eta 1985ean Parisko bi urtez behingo erakusketan Espainia ordezkatzeko aukeratu zuten. Harrezkero, Europako eta Estatu Batuetako museo eta galeria nagusiek erosten dituzte Barcelóren koadroak. Erakusketa ugari egin ditu, batzuk oso areto ospetsuetan, hala nola Parisko Lambert galerian eta New Yorkeko Leo Casteli galerian. 1986an Bartzelonako Loreen Azokako kupula dekoratu zuen, Udalak eskaturik. 1986an Arte Plastikoen Sari Nazionala eman zion Espainiako Kultura ministerioak. Operako eszenografia lanetan ere aritua da (besteak beste, Manuel de Fallaren El retrablo de Maese Pedro-rako, Parisko Opera Komikoaren Antzokian). Lehorreko natura zein itsasokoa da Barcelóren obretako gai nagusia. Margo-geruza lodiz egiten ditu bere margolanak, erliebe efektuak lortzeko. Gaur egun, espainiar margolaririk kotizatuenetariko bat da.