Barandiaran Aierbe, Jose Migel
Euskal etnografoa (Ataun, 1889 - Ataun, 1991). Apaiz ikasketak Gasteizko seminarioan egin zituen, eta 1914an ordenatu zuten. Ezagutzak hedatu nahirik, Herrien Psikologiari buruzko ikastaro bat egin zuen Leipzig-en. 1915ean Teologia ikasketak sakondu zituen Burgosen. Hogeita hiru urtez Gasteizko Apaizgaitegiko irakasle izan zen. 1916an Etnografia alorreko ikerketaz arduratzen hasi zen; Aralarko zenbait trikuharri arakatu zuen eta Euskalerriaren alde aldizkarian eman zuen horren berri. 1917an Telesforo Aranzadi eta Enrique Eguren ezagutu zituen, eta hogei urteko lankidetza emankorrari eman zioten hasiera hirurok. Aranzadik eragin handia izan zuen Barandiaranen ikerketen zuzentasun zientifikoa bermatzeko. 1918ko irailean Oñatin egin zen Eusko Ikaskuntzaren Lehen Biltzarrean esku hartu zuen. Batzar hartatik jaio zen Eusko Ikaskuntza Elkartearen babesean Aita Barandiaranek Etnologia Laborategia sortu zuen eta Gasteizko Apaizgaitegian kokatu. Haren izena aldizkari berezietan agertzen hasi zen. 1922ko udan Alemanian zehar ikasketa bidaia bat egin zuen Aranzadirekin batean, eta Paris, Kolonia, Munich, Leipzig eta Berlingo museoak ikertu zituzten. 1923an Breuil abateak emandako ikastaroan esku hartu zuen Parisen. 1926an Apaizgaitegi Nagusiko erretore izendatu zuten, aldi berean Apaizgaitegi Txikiko erretoreordea zelarik. Ondoko urteetako udak etnografia eta arkeologia alorreko lanetan eta prestakuntza bidaiak eginez (Geneva, Berna, Zurich, Viena, Erroma, etab.) eman zituen, harik eta 1936ko gerra hastean mugaz bestaldera alde egin behar izan zuen arte. Hainbat gorabeheren ondoren Saran finkatu zen, eta bertan emandako hamahiru urteetan historiaurrea eta etnografia lanetan aritu zen. 1953an itzuli zen bere herrira eta harrez gero ikerketa askotan hartu du parte; ikasle asko haren aldamenean prestatu dira. 1964an Nafarroako Unibertsitateko Etnologia Katedra eskaini zioten: Etniker taldeak eratu zituen bertan Euskal Herriko Atlas Etnografikoa egin asmoz. v Bere ikerkerta lanei esker elkarte askotako kide izendatu dute bizitzan zehar: Real Sociedad Española de Antropología, Etnografía y Prehistoria; Sociedad Ibérica de Ciencias Naturales; Euskaltzaindia; Real Academia de la Lengua Española; Société Française d’Ethnographie; Folklore Society, etab. Ezin konta ahala aldizkarietan idatziz gainera, hauen zuzendari izan da: Gymnasiuros, Anuario de Eusko-Folklore, Eusko-Jakintza, Ikuska, Hojas de Eusko-Folklore. Barandiaranen lan eskerga —artikulu, liburuxka eta liburuetan barreiatua—, 1972an argitaratzen hasi zen Barandiaranen Lan Guztiak izeneko lanean bildu da. Haren lanetariko batzuk: Eusko Mitologia (1924), Nacimiento y expansión de los fenómenos sociales (1925); Euskalerriko leen gizona (1934); Antropología de la población vasca (1947); Cuestionario para un estudio etnográfico del Pueblo Vasco (1949); Mitología Vasca (1960); Aspectos sociológicos de la población del Pirineo Vasco (1953-57). Nolanahi ere, Barandiaranen lan handiena historiaurreko leize eta aztarnategiei buruzko ikerlanek osatua da, nabarmentzekoak direlarik horien artean Santimamiñe, Aitzbitarte, Lezetxiki, Ermitia, Jentiletxea, Lumentxa, Urtiaga, Altxerri eta Ekain haitzuloei dagozkienak. Bestalde, politikatik guztiz aldendua egon bada ere, ezaguna da Mateo Múgicaren Imperativos de mi conciencia (1945), Carta abierta al presbítero D. José Miguel de Barandiarán azpititulua duena, Barandiaranek berak idatzi zuela.
- barakuilu
- baralipton
- Baranbio
- baranda
- barantaila
- Barandiaran Aierbe, Jose Migel
- Barandiaran Balanzategi, Salbador
- Barandiaran Kortazar, Julian
- baranido
- barano 1
- barano 2