Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bao-Dai

Vietnamgo enperadorea, 1925-1945 bitartean (Hue, 1913 - Niza, Frantzia, 1997). 1925ean Khai-Dinh bere aita hil zelarik enperadore titulua heredatu zuen. Hala ere, 1932 arte Frantzian jarraitu zuen ikasketak egiten. Hurrengo urtean bertan, bere agintea eskuratu nahiz, Lehen Ministroaren kargua kendu zuen eta bera geratu zen enperadore. Hasieran herriarekin bateraturik nahi izan zuen gobernatu: monarkia konstituzionala eta mandarin sistema aldarrikatu zituen, eta justizia eta irakaskuntza eraberritu nahi izan zituen. Hala ere, Frantziaren administrazio kolonialari men egin zion. 1945ean, japoniarrek Vietnam hartu zutelarik, Frantziarekiko itunak eten eta «Asiako Sortalde Handiaren» alde azaldu zen. Ho Chi Minh-ek errepublika aldarrikatu zuenean, bere kargua utzi eta Hong Kong-era alde egin zuen. 1948an Frantziak Vietnamen burujabetasuna onetsi zuenean, gobernua antolatu nahi izan zuen berriro, baina huts eginik Frantziara erretiratu zen, bere titulua galdu gabe hala ere. 1954an, Estatu Batuetako gobernuak hala eskaturik, Ngo Dinh Diem gobernu buru izendatu zuen. Hark, 1955eko erreferendumean, monarkia ezabatu zuen. Orduz geroztik, Bao-Dai Frantzian bizi izan zen, erbesteraturik, eta 1997an hil zen, Nizatik gertu.