Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

baile

(Fr. bailli; Esp. baile) iz. Erregearen ordezkaria Lapurdin, herrialde euskaldun honek berezko erakundeak (Biltzarrak) izan zituen bitartean (1244-1789). Kargu hau, Lapurdiko bizkonderria galdu eta Ingalaterrako koroaren (Akitaniako dukea), mendean geratu zenekoa da. Bailea, Guienako Seneskalaren zerbitzaria, Uztaritzeko gazteluan bizi zen eta erregearen mandataria zen. Denbora joan ahala baileak ahalmen handiagoak eskuratu zituen auzitegian (Tribunal de bailliage), administrazioan eta arlo militarrean (Biltzarreko kapitain, epaile, zerga biltzaile eta burua izatera iritsi zen). Halaz ere, ahalmen horiek guztiak murriztu ziren eta 1498tik aurrera eginkizun militarrak baizik ez zituen bete, Biltzarreko buru iraun zuen arren. Kargua heredentziaz aldatzen zen eskuz, ohituraz lehenbizi eta legez 1516tik aurrera: urte hartatik Senpere, Urtubia eta Garro etxeen esku izan zen kargua.  v  Zuberoa. Zuberoako bizkondeen ondotik, Mauleko kapitaina zen erregearen ordezkari zuzena. Honen zerbitzuan zeuden messager deiturikoak eta baileak. Messager horiek beren kargu zituzten Zuberoako hiru messagerie edo eskualde nagusiak (Barhoa edo Pettarra, Arbaillak eta Basabürüa). Bi bailek jarduten zuten Zuberoa osoan, iparraldean eta mendebalean. Egungo polizi buruen antzera, baileek atxilo hartzen zituzten gaizkileak eta kapitainak nahiz justiziak eskaturiko edonor. XVIII. mendean, baile kargurik ez zegoen eta kontrola Mauleko Gaztelutik bideratzen zen zuzenean.  v  Nafarroa. Nafarroako merindade batzuek baileek administraturiko bailaratan banatuak zeuden. Erregearentzako zergak biltzeaz gainera, gaizkile eta zeinnahi jenderen aurkako zapalkuntzaz arduratzen ziren baileak. Erriberan, baileak lur sailen ureztatzeaz arduratzen dira.