Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Bagdad

Mesopotamiako hiria, Irakeko hiriburua, Tigris ibaiaren ezkerraldean. 2.800.000 biztanle. Garrantzi handiko erlijiogunea (mezkitak, katedralak). Unibertsitateak. Bagdad Mesopotamiako lurralde oparoenean kokatua dago, Tigris eta Eufrates ibaien inguruan. Samarra urtegia eraiki zutenean, azkena eman zitzaien 1955ean Bagdad urpean uzten zuten uholde handiei (1931; 1954), ur handiak desbideratu baitziren. Abasiarren garaiko monumentu (VIII-XII m.) eta jalairiarren garaikoak (XIV m.).  v  Lehendik ere merkataritza eta administraziogune garrantzitsua zena, petrolioaren aurkikuntzak industrialde indartsu bihurtu zuen Bagdad: elikadura industria (olioa), ehun langintza (artilea eta kotoia), mekanika industria, metalgintza, larrukiak, tabakoa eta, batez ere, petrolio findegia (Kirkuk). Turkia Basorarekin lotzen duen burdinbidea bertatik igarotzen da. Nazioarteko aireportua.  v  Bagdadeko probintziak 5.150 km2 eta 3.189.770 biztanle ditu (1977). Biztanle dentsitate handi honek ez du ekonomian halako garrantzirik, jende asko baitago lanik gabe. Ondo ureztatuta baitago, lurgintza (kotoia, datilak, fruituak) eta abeltzaintza (ardi azienda) garrantzizkoak dira.  v  Historia. Abu al-Abbas-ek eraiki zuen Bagdad 762. urtean, sasaniarrek aurrez eraikitako herriaren gainean, Madinat al-Salam («Bakearen hiria») izenaz bataiatua, Tigris ibaiaren mendebalean. Kalifen jauregia eta mezkita zeudelarik erdian, haietatik abiatzen ziren lau hiribide, bakoitzak beste muturrean ate bana zuela. Harresi batek lotzen zituen lau ateak, hiri guztia inguratuz. Bagdadek gorabehera handiak izan zituen antzinatean. Abbassiarren aginpidea gainbehera zihoalarik ezinbestean, Hulagu mongoliarrak hiria konkistatu eta suntsitu egin zuen 1258. urtean. Abbasiarren urrezko garaian izan zuen distira ez zuen berriro lortu Bagdadek, bertako jalairiarren dinastia (XIV. m.) horretan saiatu bazen ere. Garai horretakoak dira, halaz ere, Mirjan ibn’Abd-Allahren mezkita eta ikastetxea (1358). Timur-i Lang azken konkistatzaile mongoliarrak hiria suntsitu zuen, 1401. urtean. XVI. mendean, inperio otomanoaren eta safaviarren mendean geratu zen. XVIII. mendean eta XIX. mende hasieran, lurralde autonomoa osatu zuen Bagdadek, mamelukoen gobernupean. 1917an gudaroste britainiarrek hartu eta 1921ean Irakeko erreinu independenteko hiriburu bihurtu zen. Bigarren Mundu Gerraren garaian, bertan zeuden ingelesen aurkako altxamendu bat bizi izan zuen Bagdadek eta 1958an Irakeko errepublikako hiriburu bihurtu zen. 1991ko urtarrilean, Kuwait inbaditu ondoan Iraken aurka eratu zen aliantzako armadak Bagdad bonbardatu eta erdi suntsitu zuen. Biztanleriaren artean hildako ugari izan zen.