Baden-Würtenberg
Alemaniako Land edo estatua, Baden eta Würtenburg antzinako lurraldea eta Hohenzollern printzerria elkartuz 1952an osatua. Alemaniako hego-mendebal osoa hartzen du. 35.750 km2, 9.335.893 biztanle (1987). Hiriburua: Stuttgart. Hiri nagusiak: Baden-Baden, Konstanz, Karlsruhe, Mannheim, Tübingen, Heidelberg, Ulm. v Orografia eta hidrografia. Baden-Würtenberg estatuak hainbat lur eremu hartzen ditu bere baitan: mendebal eta erdialdean Renaniako ordokia eta Oihan Beltza hedatzen dira; mendebalean eta hego-mendebal aldeetan, Suabia, Frankonia eta Juraren Alemaniako lurraldeak ageri dira. Danubio, Rhin eta Neckar ibaiek ureztatzen dute Baden-Würtenberg. Konstantzako aintzira (Al. Bodensee) Alemania eta Suitza artean dago banatuta. v Ekonomia. Nekazaritzak garrantzi handia du. Baden-Würtenberg-eko lurrak oso emankorrak dira: laboreak, lupulua (Rhin arroa), mahastiak (Neckar arroa). Behi azienda ugaria da Oihan Beltzean eta Suabian. Industria ere garrantzitsua da oso, Karlsruhe (mekanika eta petrokimika industria) eta Stuttgart (automobilak, metalgintza) hirietan batez ere. Mannheim da Rhin ertzeko ibai-portu nagusia. Baden-Würtenberg turismo lurraldea da (Oihan Beltza, Konstantzako aintzira, Baden-Baden).