Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

azukre

iz. Gai zuria, oso eztia, erremolatxatik edo kanabera mota batetik ateratzen dena. || Kim. Karbono hidratoa. || Azukre(-)ontzi. Azukrearentzako ontzia.  v  Kim. Karbonhidrato batek osatzen duen gai ezti, urkor eta kristalkorra. ik. glukosa.  v  Kanabera azukrea egiteko, kanaberak errotan zukutzen dira lehenik; eta zukua, arazturik, hutsunea egin den ontzi batean egosten da, astiro, harik eta kristaltzen den arte. Ondoren, kristal horiek turbina batean zuritzen dira.  v  Azukre aluna. Azukre eta alun nahasketa. Heste-libragarri gisa erabiltzen da.  v  (Pl.). Karbono hidratoen motako gai konposatu talde baten genero izena, karbono hidratoak izan gabe antzekoak diren beste zenbait gairentzat ere erabiltzen dena. Bakan ezin daitezkeen monosakarido izeneko azukreak ezik, hidrolisiaren bidez azukre bakunagoak ematen dituzten gaiak dira. Zaporez gozoak izaten dira; kristaldu egin daitezke; uretan oso erraz urtzen dira, nekez alkoholetan, eta ez dira urtzen eterrean. Ez dute kolorerik. Izadian landareetan azaltzen dira batez ere, eta laborategietan ere lor daitezke izadian agertzen ez diren zenbait azukre mota. Gizonen nahiz landareen eta animalien bizitzan elikagai nagusietakoak izaten dira azukreak. Bi azukre mota bereizten dira, osak (monosakaridoak, azukre bakunak) eta osidoak (hidrolisiaren bidez osa bat edo gehiagotan bakantzen direnak).  v  Osak. Hidroliza ezin daitezkeen azukreak, azukre bakunak; monosakaridoek edo azukre bakunek osatzen dute talde hau. Osa batzuk aldehidikoak dira, aldosak, eta beste batzuk aldiz zetonikoak, zetosa izenekoak. Osen barruan monosakarido pentosak (karbonozko bost atomo) eta hexosak (karbonozko sei atomo) daude. Pentosen barruan eritrosa izeneko tetrosa da nagusia baina, oro har, garrantzi handiagoa dute hexosek. Glukosa (edo mahats azukrea), fruktosa (eztiarena), galaktosa (bakanduta aurkitzen ez dena) eta manosa (algarrobo landarearena) dira hexosa nagusiak.  v  Osidoak. Oligosidoek (oligosakaridoak), poliosidoek (polisakaridoak) eta heterosidoek osatzen dute osidoen taldea. Hidrolisi bidez bereizi egiten diren osa gutxi batzuek (2tik 10era bitarte gutxi gora behera) osatzen dituzte oligosidoak: sakarosa (kanabera azukrea), laktosa (esne azukrea), maltosa (malta azukrea) eta zelobiosa (zelulosaren azukrea) dira aipagarri. Osen polimero handiak dira poliosidoak: almidoia, glikogenoa eta zelulosa dira ezagunenak. Heterosidoen molekuletan osak eta beste zenbait gai dira osagaiak, eta hidrolisiaren bidez ez dira osak bakarrik lortzen, zenbait osa eta gluzidikoak ez diren zenbait gai ere era ditzakete.