Azorín
(José Martínez Ruiz). Espainiar idazlea (Monóvar, 1873 - Madril, 1967). 98ko belaunaldiko prosa idazle handienetakoa. Zuzenbide ikasketak egin zituen, baina bizitza guztian kazetaritzan aritu zen. 1904tik aurrera Azorín ezizenaz izenpetu zuen (hasierako eleberrien protagonistaren izena). Gaztetan talde anarkistekin harremanak izan zituen, baina mende aldaketarekin batean eta Maeztu eta Barojarekin «Hiruen Taldea» osatu ondoren, kontserbadore bilakatu zen, eta zenbait aldiz diputatu hautatu zuten. Nolanahi ere, Azorín-en ideia politikoek gorabehera franko izan zuten: Lehen Mundu Gerran Frantziaren aldekoa izan ondoren, Primo de Riveraren diktadura bultzatu zuten intelektual bakarrenetakoa, Errepublikaren aldekoa 1931n eta Francoren altxamenduaren aldeko 1939an. v Azorín-en lanean hiru atal bereiz daitezke: saiakera, eleberria eta antzerkia. Saiakera sail batean Espainiako bizitzaren irudiak eta oroipenak biltzen ditu: Los pueblos (1905), La ruta de Don Quijote (1905), Castilla (1912), Una hora de España (1924), etab. Beste sailean literatura saiakerak biltzen dira: Lecturas españolas (1912); Clásicos y modernos (1913); Al margen de los clásicos (1915); Los clásicos redivivos. Los clásicos futuros (1945), etab. Azorín-en eleberrigintza oso berezia da: bere eleberriek ia ez dute argumenturik: giroen lotura edo pertsonaien euskarri soila baino ez dira. Izenburu batzuk: La voluntad (1902), Antonio Azorín (1903), Las confesiones de un pequeño filósofo (1904), Don Juan (1922), Doña Inés (1925), El escritor (1941), María Fontán (1943), Salvadora de Olbena (1944)… Antzerkiaren alorrean sinbolismoaz baliatu zen —Lo invisible (1928), Angelita (1930)— arrakasta handirik gabe. v Bi gai nagusi agertzen dira behin eta berriro Azorín-en lanetan: denbora iheskorrari buruzko gogoetak eta ikuspegien nagusitasuna. Lirismoz beteriko prosa da Azorín-ena, jario astitsukoa eta esaldi laburrekoa.