Azketa Menaya, Pello
Nafar margolaria (Iruñea, 1948). Iruñeko Arte eta Lanbide eskolan ikasi zuen 1966tik 1968ra, eta 1974an egin zuen bere lehenengo bakarkako erakusketa. Orduz gero maiz erakutsi du bere lana bakarka, besteak beste Nafarroako Aurrezki Kutxaren Kultura Gelan, Iruñean (1975), Gasteizko Arte Eder Galerian (1976), Bilboko Mikeldi Galerian (1977), Iruñeko Ziutadelako Arte Galerian (1982), Bilboko Artederren (1983), Iruñeko Garcia Castañón Aretoan (1985). 1975ean, Gasteizen eta Sevillan eratutako erakusketa bitan, hamarraldi hartan Iruñean lanean ziharduten hainbat margolariren lanak aurkeztu ziren. Pello Azketaren margolanekin batera, besteak beste, Mariano Royo, Pedro Salaberri, Pedro Manterola, Javier Morrás edota J. Antonio Eslavaren lanak aurkeztu ziren. Urtebete lehenago, 1974an, José María Moreno Galvánek Triunfo aldizkarian idatzitako artikulu batean hasi zen Escuela de Pamplona izena zabaltzen garai hartan Iruñean lanean ari zen artista taldea izendatzeko, eta urteek aurrera egin ahala finkatu egin da deitura hori. 1995ean, Iruñeko Planetarioak talde horri eskainitako erakusketa antolatu zuen, belaunaldi horren ekarpena berraztertu nahirik, eta ondoren ere egin izan da talde haren lana bildu duten erakusketarik.
- azkengabe
- azkengabetasun
- azkenki
- azkentze
- azkenurren
- Azketa Menaya, Pello
- Azketa
- Azkoaga
- Azkoien
- Azkoitia
- Azkoitiko Zalduntxoak