autoimmuneak, eritasun
Med. Gorputzaren sistema immunologikoak organismoaren osagaiak arroztzat jotzen dituen eritasunak, antigorputzak edo beste erreakzio mota batzuk sortuz gai horiei aurre egiteko. B linfozito deritzen leukozitoek antigorputzak sortzen dituzte. Gizakiak 100.000 mota desberdin ditu, beste hainbeste gai proteinikoren aurrean erreakzionatzeko gai direnak. Enbrioizko bilakatu bitartean, organismoaren kontra erreakziona dezaketen linfozitoak geldirik egoten dira; horrela, proteina arrotzak berezkoetatik bereiz daitezke eta sistema immunologikoak ez ditu suntsituko. Berezko proteinak babesteko beste mekanismo bat garapen goiztiarraren aldian haiek bahitzea (bereiztea) da. Espermatozoideak, adibidez, ez dira azaltzen sistema immunologikoak heldutasuna iritsi arte; odol bideetatik bereiz daude denbora guztian, eta sistema immunologikoaren irispidetik at, beraz. Basektomia eginez gero, zelula horiek odolarekin nahas daitezke eta espermatozoideen aurkako antigorputzak sortu. Autoimmunizazioa azaltzeko hipotesietako baten arabera, birus jakin batzuek antigorputzak fabrikatzen dituzten zelulak kutsatzen dituztenean aldatzen da berezko proteinen aurkako erreakzioa. Infekzio mononukleosian zitomegalobirusak linfozitoak inbaditzen ditu, eta zenbait proteina organikoren aurkako antigorputzak azaltzen dira odol zirkulazioan. Erreuma sukarraren kardiopatia streptococcus generoko bakterioek faringea edo amigdalak kutsatu izanaren ondorio da. Bakterio horiek giharretako eta bihotzeko maskorreko proteina baten oso antzeko beste bat daramate gainaldean; eta estreptokokoari aurre egiteko sortutako antigorputzak bihotzeko ehunari erasotzeko eta hura hondatzeko gauza dira. Eritasun autoimmune gehienetan ez da ezagutzen zerk eragiten dituen antigorputzak. Miastenia gravis gaitzak jotako eriek giharretarako kirio bulkadaren transmisioa geldiarazten duten antigorputzak dituzte; horrek giharretako ahulezia sortzen du eta arnasa hartzea zailtzen du. Anemia hemolitiko autoimmunearen kasuan, antigorputzek globulu gorriak suntsitzen dituzte. Lupus eritematosoa duten gaixoek berezko zelula osagai batzuen aurkako antigorputzak fabrikatzen dituzte, material genetikoa barne; antigorputz-proteinak gorputz handiak sortuz elkartzen dira eta giltzurrunak kalte ditzakete iraiztean. Artritis erreumatoide gaitzak jotako erien % 80aren odolean faktore erreumatoide izeneko antigorputza aurkitzen da; ez da ezagutzen antigorputz hori den giltzadura kartilagoa suntsitzen duena, gaitz horren ezaugarri nagusia. Eritasun autoimmuneen talde nagusia kolagenoaren gaitzak dira: lupus eritematosoa, artritis erreumatoidea, esklerodermia eta dermatomiositisa. Gaitz horietan guztietan autoantigorputzek ehun konektiboari erasotzen diote gehienbat, eta ehunaren proteina nagusia kolagenoa da. Kalte handia egiten du odol hodietako paretetako kolagenoan. I motako diabetesa (gazteak eta haurrak erasaten ditu gehienbat) pankreako Langerhansen guneetako beta zelulak (intsulina fabrikatzen dutenak) suntsitzen dituen antigorputz batek sortua da. Tiroiditis kroniko autoimmunea tiroide ehunaren aurkako antigorputzek sortua da. Addison gaitzaren kasu batzuk giltzurrun gaineko kapsulen suntsitze immuneagatik sortzen dira. Esklerosi anitza edo sistemikoa da eritasun autoimmune ezagunenetako bat. Linfozito patologiko batzuek erdiko nerbio sistemako neuronen axoiak biltzen dituen mielinazko geruza suntsitzen dute, antigorputzen parte-hartzerik gabe. Gaitza pixkaka zabaltzen da, eta nerbio sistema kaltetuz itsumena eta elbarritasuna eragiten ditu, besteak beste. Adineko pertsona osasuntsuen odoelan ere autoantigorputzak aurkitzen dira sarritan: ez da horren zergatia ezagutzen. Eritasun autoimmuneak tratatzeko esteroideak edota metotrexato bezalako sendagaiak erabiltzen dira. Azkeneko urteotan, bestalde, teknika berri bat saiatzen ari dira, plasmaferesisa: gaixoaren odola kanpo sistema batetik igaroaraztea gammaglobulinak –antigorputzak daramatzaten odol proteinen zatia– deuseztatzeko.
- autografia
- autografo
- autohemolisi
- autohemolisina
- autoiko
- autoimmuneak, eritasun
- autoindukzio
- autoinfekzio
- autoinmunizazio
- autoinmunopatia
- autointoxikazio