atzemaile
izond. eta iz. Zerbait atzematen duen pertsonaz esaten da. ik. atzitzaile. ■ Fis. eta Kim. Kanpotik datozen zenbait informazio (magnitude fisikoak: argia, soinua, tenperatura, indarra, presioa eta abar, edo kimikoak) eta horien bariazioak atzemateko gaitasuna duen gailua. ■ Magnitude mota bakoitzeko (mekanikoak, elektrikoak, magnetikoak, termikoak, erradioaktiboak edo kimikoak) atzemandako seinaleak bariazio ugari izan ditzake. Argiak, adibidez, fasea, anplitudea, uhin luzera, polarizazioa. Oro har, eskuratze unitateak (dagokion anplitudearen ebaluazioa egiteko behar diren informazioak hartzen dituena) eta trataera sistemak osatzen dute atzemailea. Eskuratze unitatea izaki bizidunen organoen parekoa litzateke, eta trataera sistema, berriz, nerbio-sistemaren antzekoa. Atzematen diren datuak anplitude analogikoetakoak dira, hots, etengabe aldatzen dira. Atzemailetik irtetean, seinalea handitu, erregulatu edo baldintzatu egin daiteke. Oro har, zenbakizko anplitude bihurtu ohi dira atzemandako seinaleak. Bihurgailu analogiko zenbakizko hauek funtsezko osagaiak dira gaur egungo informazio sistemetan. Bihurgailutik irtetean zenbakizko datuak ordenagailu edo robot batera isuriko dira. Robotika da atzemaileen erabilera nagusietakoa, eta 1980ko hamarkadaren amaieraz geroztik garapen handia izan dute zuntz optikodun atzemaileek.