atomo
iz. Fis. eta Kim. Erreakzio kimikoetan parte hartzen duen gai bakun baten zati txikia, gai horren ezaugarriak gordetzen dituen txikiena. Hiru dira atomoaren osagai nagusiak: protoiak, karga positibodunak; neutroiak, kargarik ez dutenak; eta elektroiak, karga negatibodunak. Atomoaren egituran bi atal bereizten dira: protoiez eta neutroiez osaturiko nukleoa bata, karga positiboa duena, eta elektroiez osatutako zenbait orbitek osatzen dutena bestea, karga negatiboduna. Elektroiek, nukleoaren karga positiboa berdintzen dute eta neutro bihurtzen dute atomoaren karga elektrikoa. Atomo neutro horietan berdina da beraz, protoien eta elektroien kopurua. Zenbait kasutan, ordea, atomoak elektroiak bereganatu edo galdu egiten ditu. Kasu horietan ioi izena ematen zaio atomoari: ioi positiboa izaten da elektroiren bat galtzen duenean, eta ioi negatiboa elektroiak bereganatzen dituenean. Nukleoak tamaina oso txikia izaten du, baina bertan egoten da gordeta atomoaren masa gehiena. Elektroien orbitek betetzen duten bolumena aldiz, handia izaten da baina ez dute masarik gordetzen ia. Protoi kopuruak zehazten du atomoaren izaera, eta gai bakoitzak sail periodikoan izaten duen zenbaki atomikoari dagokio. Atomoaren protoi eta neutroi kopuruen baturak pisu atomikoa deritzona ematen du. Erradioaktibitatean eta beste zenbait erreakzio atomikoetan, atomoaren oinarrizko hiru osagaiez gain beste partikula batzuk azaltzen dira; neutrinoak, alfa eta beta partikulak, antineutroiak,… v Atomo kitzikatua. Ohikoa baino energia gehiago duen atomoa. Nukleoarekin edo orbitako elektroi batekin zerikusia izaten du energia gehiagotasun horrek. v Atomo masa edo atomo pisua. Atomo neutroaren masa; atomo batean dauden neutroien eta protoien kopurua adierazten duen zenbakia. v Atomoaren nukleoa. Atomo baten masaren gehiena biltzen duen egitura, protoiek (karga positiboa dutenek) eta neutroiek (kargarik gabekoak) osatzen dutena. Nukleoa kargari eta atomoaren zenbaki atomikoari zifra bera dagokie. v Atomo bonba. Indar handiko arma leherkaria. Kate erreakzio nuklearretan lortutako energia bat batean askatuta lortzen da indar handiko leherkari hau.