Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Atapuerca

Burgosko arkeologia aztarnategia, izen bereko mendikatean. Atapuercako aztarnategiko gune nagusiak izen bereko mendialdean zehar barreiatuta daude, eta Pleistozenoko sedimentuez osatuak dira oro har. Atapuercako aztarnategian aurkitu dira orain arteko Europako giza fosil zaharrenak (800.000 urte baino zaharragoak) eta Harri Aroko europar herrien ikerketarako bilduma paleoantropologiko bikaina ere bada, zeinari esker ikertu ahal izan baitira Behe Paleolitoseko zenbait garaitako herriak. Aztarnategiaren ikerketa 1911. urtean hasi zen, baina gaur egungo proiektua 1974an jarri zen abian, Hezurren Osinean deritzan lekuan Neanderthal aurreko lehenengo giza hezurrak aurkitu zirenean hain zuzen ere. Beste gune garrantzitsuak dira Haitzulo Nagusia izenekoa, Galeria, Lubakia eta Dolina Handia. ■ Aurkikuntza nagusiak. Lekukotasun nagusia Aurora estratu deritzona da, han aurkitu baitira Behe Pleistozenoaren amaierako faunaren aztarnak, Mimomys savini motarenak besteak beste, garrantzi handiko harrizko lanabesen hondakinak, eta, batez ere, han aurkitu dira 36 giza aztarna, lau gizakiri dagozkionak, gutxienez, Europako kontinenteko giza aztarnarik zaharrenak. Giza aztarna horietako pieza aipagarriena gaztetxo baten kopeta-hezurra da, 1.000 cm3-ko edukiera daukana. Aztarna horiek, Afrikako Homo habilis gizakiarenekin alderatu dira, antzekotasunik badutelako, baina aldi berean, badira zenbait ezaugarri (Hezurren Osineko aztarnetan) zeinen arabera baitirudi Atapuercako gizakia izan zela Europako Homo habilisen arbasoa. Dolina Handiko aurkikuntzetan Iberiar Penintsulan orain dela 800.000 urte gizakia bizi zela erakusten duten ezaugarriak agertu dira, eta litekeena da, gainera, antzinagokoak ere izatea. Hezurren Osinari dagokionez, bertan agertu diren aztarnak, antzinatasunagatik baino areago (horretan Dolina Handia baita nagusia), ugaritasunagatik dira aipagarriak. Izan ere, 1994 arte, eta indusketak amaitu gabe zirela, 13.000 hezurdura aztarna aurkitu dira, eta Behe Paleolitoko aztarnategi guztietan giza fosil gehien dituen gunea da; bertan bilduta daude Pleistozeno Ertaineko munduko aztarna guztien % 70 baino gehiago. Hezurren Osinean bi sexuetako kideak eta hainbat adinetakoak aurkitu dituzte, elkarren alboan, eta horrela jakin da, besteak beste, Neanderthal aurreko gizakiak dimorfismo sexual nabarmena zuela; zenbait egileren ustez Neandertal eta Bitarteko Paleolitoko gizakien mota berekoak dira aztarna horiek. Azkenik, aipagarriak dira beste zenbait aztarna, margoenak izan litezkeenak, eta Haitzulo Handiko Neolitoko eta Brontze Aroko bizitokiak. ■ Homo antecessor. Atapuercako lantaldeak egindako aurkikuntzek eta haiek oinarri harturik osatu diren hipotesiek izugarrizko iraultza eragin dute nazioarteko zientzialarien artean. Izan ere, 1994, 1995 eta 1996. urteetan Dolina Handian aurkituriko giza aztarna fosilak Homo generoko mota batekoak direla dio hipotesi nagusiak, Homo antecessor gizakiaren aztarnak direla hain zuzen. Juan Luis Arsuaga, José María Bermúdez de Castro eta Eudald Carbonell zientzialarien zuzendaritzapean egindako lanen ondorioak zuzenak badira, giza espeziearen bilakaeraren katearen baitan hainbat urtean aurkitu ezin izan den katebegi galdua, hau da orain arteko bilakaerari jarraitasun kronologikoa ematen diona, osatuko luke haien lanak. Han aurkitu diren Homo antecessor ustezkoaren 86 aztarnak ez dira orain arte Europan aurkituriko aztarna fosilen mota berekoak, baina badute haiekin loturarik. Atapuercako aurkikuntzak egin arte indarrean zen hipotesiaren arabera, orain dela, asko jota, 500.000 urte bizi izan ziren gizaki europar zaharrenak, baina aurkikuntza horiekin bertan behera gelditzen da hipotesi hori. Homo antecessor gizakia gaur egungo gizakiaren antzekoa zen, itxurari dagokionez, eta Homo generoaren bilakaerari jarraipena eman zion elementua izan zen. Berriki egindako identifikazioaren arabera, Kenyako Homo ergaster (orain dela 1,5 eta 2 milioi urte artean) deritzona izan zen jatorrizko mota komuna, baina hainbat hipotesi osatu dira gaur egungo Homo sapiens sapiensera iristeko gertatu diren urratsen gainean. Atapuercako aurkikuntzen arabera, esan daiteke Homo ergaster motak bere bizitokitik mugitu eta Europan izandako bilakaera bereziaren ondorioz bi adar sortu zirela: Homo heidelbergensis, gerora Homo sapiens neanderthalensis (beste mota batzuen nagusitasunaren aurrean desagertu zena, segur asko), batetik, eta, bestetik, Homo sapiens sapiens. Homo antecessor izan zen bi adar horien sorreran aitzindaria, eta Homo ergaster motak Europan izan zuen bilakaeraren lehenengo ondorioetakoa. Hortaz, ez zen Afrikatik Europarako migraziorik izan, ez ziren Europara aldatu Afrikako bilakaeran sorturiko sapiens motak. Lehen gizakia Afrikan jaio zela dirudi, eta geroago Europan bizi izan zen sapiens mota Afrikako ergaster aitzindari hartatik eratorria dela. Bitarte horretakoa litzateke Atapuercako Homo antecessor, zeinaren eratorriak baitira Homo sapiens sapiens eta Homo heidelbergensisen adar desagertua. Hain zuzen ere, adar horretako preneanderthalensis motakoak dira Atapuercako Hezurren Osineko bigarren gune nagusian agertu diren orain dela 300.000 urteko 32 gizakiren aztarna fosilak. Homo antecessor gizakiaren aurkikuntzan, bestalde, bada beste datu aipagarri bat. Hezurren osinean aurkituriko aztarnen arabera uste izan zen osin hura hilobi gisa erabilia izan zela, baina Dolina Handian aurkitu diren beren arbasoen hezurren ezaugarriak erakusten dutenez, eta hezurretan agertzen diren hozka eta marken arabera, garbia dirudi bere inguruko animaliak bezalaxe hil zirela, garai hartako harrizko tresnen bidez. Horrek esan nahi du Homo antecessor motako kideak eta haien inguruko animaliak beste hominido antropofago batzuek (Homo generoko motaren batekoak agian) jan egin zituztela, orain dela 780.000 urte. ik. bilakaera.