aseguru
iz. Pertsona edo gauza bat arrisku jakin batetik babesten duen kontratua. v Gizarte asegurua. Gizarte bateko biztanleria, gehientsuena, babesteko sortutako asegurua. 1929ko krisian sortu ziren lehenengo gizarte aseguruak eta handik gutxira nazio askotara hedatu zen aseguru mota hori. Familia batek osasunari, irakaskuntzari, etxebizitzari edo lanari dagozkion arazoak izanez gero, estatuak konpondu beharko lituzke aseguru sozialaren bidez, baina gaur egun nazio gehienetan ez dira horiek denak kontuan hartzen. Aseguru soziala osasun arazoetan babesa eskaintzera mugatu da toki gehienetan. Aseguru mota hori ordaintzeko, soldatapeko langileari diru kopuru bat kentzen zaio soldatatik. v Aseguru kontratua. Kontratua sinatzen duten bi alderdien adostasuna azaltzen duen aseguru mota. Alderdi bakoitzaren irabazi edo galerak ez dira gauza jakina, gertatuko denaren baitan geratzen baita hori aseguru kontratuan. Dena dela, aseguratzaileak, estatistika legeekin jokatzen duenez, badaki zein betebehar hartu behar duen bere gain eta zein ez, ezustekoren bat gertatuta ere irabaziren bat eskuratzeko. v Aseguru poliza. Kontratuaren dokumentua; hitzarmena sinatu dutenen baldintzak eta betebeharrak jasotzen dituen dokumentua. v Aseguru saria. Aseguratzailearekin hitzarmena sinatu duenak aseguratzaileari ordaintzen dion diru kopurua.