Arzú Irigoyen, Álvaro
Guatemalar politikari eta enpresaburua (Guatemalako Hiria, 1946). Guatemalako enpresa munduaren garapenari ekarpen handia egin zion turismoaren, salerosketaren eta industriaren sektoreetan zenbait enpresa antolatuz eta zuzenduz. Partido de Avanzada Nacional-aren (PAN) sortzaileetako bat izan zen, eta geroago, alderdi horren idazkari nagusia. Guatemalako Hiriko alkate aukeratu zuten 1982ko martxoan, baina hilabete berean estatu kolpea jo zuten eta ez zuen kargua hartzerik izan. 1985ean berriro atera zen alkate, eta 1986-1990 bitartean bete zuen kargu hori. 1990ean Errepublikako lehendakaritzarako hautagai izan zen, 1991n Kanpo Harremanetarako ministro, eta 1996ko urtarrilean Guatemalako lehendakari aukeratu zuten. Urte bereko abenduan Guatemalako gerrillak (Unión Revolucionaria Nacional de Guatemala (URNG) taldean bilduak) borroka armatua uztea lortu zuen, 36 urtez gobernuaren aurka borroka egin ondoren, eta bozketen bidea aukeratzea aginpidea lortzeko bide bezala. 1997an bai bere gobernuak bai URNG-ek Nazioarteko Lankidetzaren Asturiasko Printzearen saria jaso zuten.