arrano
iz. Hegazti harraparia, handia; guztiz gora hegaldatzen da, eta bildotsak, azeriak… harrapatzen ditu (Aquila sp. etab.). || Arraio-ren leungarria. v Arrano mota asko daude; hona ezagunenetako batzuk: pomeraniarra, pikarta, nagia, eguzki-arranoa, beltza, txikia, Bonelli arranoa eta arrano arrantzalea. || Hedaduraz familia honetako beste edozein hegazti, aurrekoaren antzeko ezaugarriak dituena. v Arrano txikia. Moko sendoa du eta hasieratik bertatik makurtua; lumak gorrixkak ditu eta tartsoak lumaz estalirik erabat. v Eguzki arranoa (Aquila heliaka). 82 cm inguru neurtzen du. Lumak marroiak eta beltzak ditu, mokoa horia eta hegaletako luma batzuk zuriak. Pisu handikoa da. Iberiako Penitsulako basoetan bizi da. Zuhaitzetan egiten ditu habiak, eta untxiak jaten ditu batez ere. v Bonelli arranoa. Arrano honen hegoek, bildurik dituenean, ez dute isatsa estaltzen, oso luzea baitu. Kolore hori-gorriko lumak ditu, eta mokoa nahikoa luzea, indartsua eta makurtua. Usoak, eperrak eta galeperrak janez elikatzen da. v Arrano arrantzalea. Tamaina handikoa da, 55 cm inguru neurtzen du. Burua zuria du, gorputzaren aurrealdea beltza eta atzealdea zuria. Itsas ertzean, aintziretan eta ibaien inguruan bizi da. Arrainak jaten ditu. Europan, Afrikako iparraldean eta Asiaren erdialdean bizi da. v Arrano beltza (Aquila chrysaetos). 89 cm neurtzen ditu. Arrano guztien arteko handiena eta indartsuena da. Lumak marroi ilunak ditu eta buruan urre koloreko marratxoak. Isatsa luzea du. Eperrak, untxiak, etab. jaten ditu. Herrialde menditsuetan bizi da, Europako iparraldean, Frantzian, Espainian, Italian, Asian eta Ipar Ameriketan. Gutxi batzuk ikusten dira Euskal Herrian. v Arrano nagia (Aquila rapax). Lumak arre ilunak ditu. Habiak lurrean egiten ditu gehienetan. Arrautzak apirilean erruten ditu, eta abuzturako kumeak hegan egiteko gauza dira. Ugaztun karraskariak jaten ditu batez ere. v Arrano pikarta. Heldua denean, arre kolorekoa izaten da, eta gaztetan berriz beltza, lumetan arrasto argiak dituela. Hegaldi azkarra du. Aintzira eta ibai ertzetan bizi da. Ugaztunak, hegaztiak eta zenbait intsektu janez elikatzen da. v Arrano sugezalea (Circaetus gallicus). Aurrealdea arre grisa du, eta atzealdea zurixka. Zuhaitzak dauden inguruetan bizi da. Narrastiak eta anfibioak jaten ditu. Europako erdialdean eta hegoaldean, eta Afrika iparraldean bizi da. Euskal Herrian nahikoa ugaria da, Mediterraneo aldeko mendikateetan eta mendixketan.