Arnauld, Arnaut
edo Arnault. Jantsenismoari eta Port-Royalgo historiari loturiko familia frantsesa. v Arnauld, Antoine (Paris, 1560 - Paris, 1619), Henrike IV.aren estatu aholkularia, Port-Royalgo monasterio zistertarra berriztatu zuen. v Arnauld d’Andilly, Robert (Paris, 1589 -1674). Antoineren semea, San Agustinen Aitorkizunak itzuli zuen. v Arnauld, Marie Angélique (Paris, 1591 - 1661). Antoineren alaba. Erlijioan Mère Angélique deitua, hemezortzi urterekin Port-Royalgo komentua berriztatzeari ekin zion, bertan jantsenismoa sartu zuen eta Saint-Cyran monasterioko arima zuzendari izendatu zuen. v Arnauld, Antoine (Paris, 1612 - Brusela, 1694). Le Grand Arnauld deitua, Arnauld d’Andillyren anaia. Saint-Cyranen eraginez jantsenista bihurturik, graziaren auzian agustinismoaren tesi zorrotzenak beretu zituen. 1643an De la frequente communion liburua argitaratu zuen, bertan jesuiten morala kritikatu eta jantsenismoaren alde garbiro egiten zuelarik. Lan hori zela eta, Sorbonako teologia fakultateak Arnauld kanpora egotzi zuen (1656). Beste zenbait lanetan kalbinistekin eta jesuitekin eztabaidatu zuen. Kristautasunaren historian duen tokiaz gain, garrantzi handiko autorea da logika eta hizkuntzaren filosofia alorrean: Grammaire générale et raisonnée (1660, Lancelotekin lankidetzan), Logique de Port-Royal (1662, Nicolerekin lankidetzan).