Aristoteles
Greziar filosofoa (Estagira, Mazedonia, K.a. 384 - Kalzis, Eubea, 322). Hamazazpi urte zituela Atenasen finkatu zen Platonen ikaslea izateko (367-347). Maisua hil zenean (348), Platonen Akademiako dotrinekin ados ez egonik, Atenasetik alde egin zuen, Hermiak, Atarneako tiranoak, bere ondoan onartu zuelarik. Beronen arrebarekin (edo ilobarekin) ezkondurik, Lesbosen babestu behar izan zuen Hermia hil zutenean. 343an Mazedoniako Filipo erregeak deiturik, haren seme Alexandro Handiaren irakaslea izan zen, bai eta haren laguna harik eta Kalistenesen hil zuten arte (325). Dizipuluak aginpidea bere gain hartu eta berehala (335), berriro Atenasen finkatu zen, eta Lizeoa sortu zuen. Hamabi urtez bertan irakatsi zuen Alexandro hil zen arte (323). Mazedoniarren aurkako higikundea berpizturik eta Areopagoak erlijio gabetasunez kondenatu aitzin, Kalzis uhartera ihes egin behar izan zuen. Ondoko urtean hil zen. v Adimen handikoa, Aristotelesek giza jakintzaren osotasun ordenatua ikusi zuen filosofian. Silogismoaren teoria eta diskurtsoaren zati eta forma ezberdinen analisiarengatik, logikaren sortzailea da; Organon izenburupean logikari buruz idatzitako obra guztiak bildu zituen. Halaber, Aristoteles naturalista izan zen eta izaki naturalak beren bilakabidean aztertzeari Fisika deitu zion. Hartaz dihardu hainbat liburutan: Fisika, Zeruaz, Sorkuntzaz eta endekatzeaz, Animalien historia, Animalien zatiak, Animalien sorkuntzaz, Arimaz. Animalia askori buruzko behaketei eta ikerketei esker, haien ohiturak deskribatu zituen, eta sailkapen zirriborro bat egin zuen. Beraien egitura eta funtzionamendua ulertu ahal izateko, izaki bakoitzarengan materia eta forma bereizi zituen, eta hau, Platonen Ideiari kontrajarririk, materiaren eraketaren berezko hatsapena izango da. Aristotelesentzat Izadiak bere helburua du: izaki bakoitza halako moldez eratua da non bere perfekziora jotzen duen, animalia motetatik gizonera, adimenez hornituriko izakira, doan mailaketa bat badelarik. Azkenik, Fisika honek lehen filosofia den Metafisikan aurkitzen du bere oinarria: aldaketaren existentzia dela eta, Aristotelesek lehen motorra, higiezina, izate eta pentsamendu hutsa (Jainkoa) denaren izatea aitortzen du. Aristotelesek, orobat, beste lan asko idatzi zituen, hala nola moralari buruzkoak (Nikomakoren Etika, Eudemoren Etika); politikari buruzkoak (Politika, Atenasko konstituzioa) eta literatura generoen sorkuntza ukitzen dutenak (Poetika, Erretorika). Aristotelesen testuek garrantzi handia izan zuten islamaren pentsamendua eratzeko eta Eskolastikan tomismoa garatzeko eta, ildo honetatik bertatik, Mendebaldeko pentsaera osoan.