Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Ariosto

, Ludovico. Poeta italiarra (Reggio Emilia, 1474 - Ferrara, 1533). Hipolito d’Este kardinalearen zerbitzuan sartu zen ganberako noble eta enbaxadore karguan (1503), eta orduan utzi zion latinez idazteari eta italiera hutsez hasi zen. Lehen poemak, esan bezala, latinez ondu zituen, Carmina (1493-1503) adibidez. Italieraz idatzitako lehen lan dramatikoetan Plauto eta Terentzioren eragin nabaria du: La Cassaria (1508), I Suppositi (1509). 1516an agertu zen Ferraran Orlando furioso poema epiko satirikoaren lehen argitalpena. Alfonso d'Este dukearen babesa lortzeak gogo txarrez egin beharreko lanak alde batera uzteko aukera eman zion; garai horretakoak dira horrelako lanak egin beharraz kexu ageri den eskutitzez osatutako zazpi Satirak (1517-1525), hil ondoren argitaratuak. Beste komedia batzuk ere ondu zituen: I studenti (1518), Il nigromante (1520). La Cassaria (1508) eta, batez ere, La Lena (1528) obrak komedietan garaiko gizartearen ohiturak azaldu zituen. 1532an Orlando furioso-ren beste bertsio bat azaldu zuen. Obra hori, Ariostoren hizkuntza poetikoaren joritasuna erakusten duena, Italiako Errenazimentu garaiko lanik onenetakoa da.