Arias Domínguez, Imanol
Euskal zinema antzezlea (Riaño, Leon, 1956). Leonen jaioa, umetan heldu zen bere familiarekin batera Ermura (Bizkaia). Ikasketak utzi eta Donostiako antzerki talde amateurretan hasi zen antzezle lanetan, nahiz eta berehala egin zuen Madrilerako jauzia. Centro Dramático Nacional delakoan prestatu ondoren, antzerkigintzan aritu zen hasieran, baina berehala ekin zion zinemagintzari. 1976ko La Corea izan zen bere lehenengo zinemarako lana. Kuban lanean urte pare bat eman ondoren, Espainiara itzuli eta trantsizio ondorengo urteetako antzezlerik ezagunenetakoa bilakatu zen. Berrogeitik gora film egin ditu orduz geroztik, besteak beste Laberinto de pasiones (1982), La Colmena (1982), Mikelen heriotza (1984), Lute: Camina o revienta (1987), Todos los hombres sois iguales (1994), La flor de mi secreto (1995), Territorio Comanche (1997) edota La voz de su amo (2000). Telebistarako ere lan ugari egin du, eta arrakasta handiko telesailetan protagonista lanetan aritu da, besteak beste Ana Diosdadok zuzendutako Anillos de Oro (1983), Pedro Masóren Brigada Central (1988-1990), eta Julio Sánchez Valdésen Querido maestro (1997-1998) saioetan. 1998an bere karreran etenaldi bat egitea erabaki eta ingurumenarekin zerikusia duten enpresa jarduerei ekin zien. 2000. urtean itzuli zen zinemagintzara eta telebistara, besteak beste Ramón y Cajal zientzialariaren biografiari buruzko telebistarako film batean Nobel saridunaren papera egiten. Zuzendari bezala ere aritua da; aurreneko saioa 1995ean Un asunto privado thriller erotikoarekin egin zuen. Bere ekoiztetxea sortu du, eta UNICEF-ek enbaxadore berezi izendatu du haurren defentsan eginiko lanagatik.
- Ariadna
- arian
- Ariane
- ariar
- Arias Calderón, Ricardo
- Arias Domínguez, Imanol
- Arias Sánchez, Óscar
- Arias, Ricardo M
- Aribe
- Ariège
- Ariel