Arenas, Reinaldo
Kubatar eleberrigilea (Holguín, 1943 - New York, 1990). Oso bizimodu zaila izan zuen, Kubako sistema politikoak gogor esetsi baitzion homosexuala eta intelektuala izateagatik, eta eragozpen handiak izan zituen idazteko. Bere argitalpenen historia oso nahasia da, askotan erdizka argitaratu behar izan baitzituen bere testuak, originalak bahitu zizkiotelako edota ihes egiterakoan galdu zituelako. Celestino antes del alba (La Habana, 1967, Celestino egunsentia aurretik (berrikusi ondoren Cantando en el Pozo, Bartzelona, 1982, Putzuan kantari), bere lehen nobela, izan zen Kuban argitaratu zuen bakarra, Herberto Padilla iraultzaren kontrako poetari babesa emateagatik “berreziketa” zigorra ezarri baitzioten. Horren ondoren ezkutuan idatzi behar izan zuen eta bere idazlanak atzerrian argitaratu behar izan zituen. Esate baterako, El mundo alucinante (Mexiko, 1969, Mundu haluzinatzailea), Con los ojos cerrados (Montevideo, 1972, Begiak itxita; berrikusi ondoren El palacio de las blanquísimas mofetas, Caracas, 1980, Mofeta zuri-zurien jauregia). 1980an beste milaka kubatarrekin batera Estatu Batuetara alde egin zuen Marieleko portutik abiaturik. New Yorkera joanda, zenbait unibertsitatetan egon zen irakasle eta etengabe idatzi zuen, bere idazlanen originalak berrikusiz edota galdutakoak berreginez. Garai horretako lan garrantzitsuenak Otra vez el mar (Bartzelona, 1992, Berriz ere itsasoa) eta Antes de que anochezca: autobiografía (Bartzelona, 1992, Ilundu baino lehen: autobiografia). Gaixotasun larri batek jota eta atzerrian ezin etsirik, bere buruaz beste egin zuen.
- areka 2
- arekaina
- arekolina
- Arellano
- arenabirus
- Arenas, Reinaldo
- Arenatza
- Arenda
- arenga
- areofisika
- areografia