arenabirus
iz. Biol. Arenaviridae familiako birus saila, azido erribonukleikozko material genetikoz osatua. Birus polimorfoak dira, eta 60-300 nm inguruko neurria dute. Familia honetan genero bakarra bereizten da, familiaren izen berekoa, eta hiru azpitalde hauek: Lassa birusa, LCM edo linfozito koriomeningitis saila eta Tacaribe saila. Oro har, karraskarietan agertzen dira birus hauek guztiak; listuan, sudurreko jarioetan eta gernuan isurtzen dira, eta gizakiaren kasuan arnasbideetatik kutsatzen da. Eritasun larriak eragiten dizkiote gizakiari; Lassa birusak, esaterako, batez ere Afrika aldean aurkitu den Lassa sukarra sorrarazten du. LCM sailekoek, berriz, meningitisa eragiten dute. Azkenik, Tacaribe saileko birusek odol jarioak eragiten dituzten eritasunak sortzen dituzte; Hego Ameriketan dute, batez ere, eragina, adibidez Bolivian, non sukar hemorragiko boliviarra deritzon eritasun endemikoa sortzen baitu Machupo birusak.