Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

ardo

iz. Mahatsaren zukutik ateratzen den edari bizia. Ardoak igaro: horditu. Ardo saltzailea. ik. ardoketari. || Edozein edari hordigarri. ik. mahatsardo; sagardo.  v  Mahatsa, alea azukrez gehien betetzen denean jasotzen da. Ondoren zapaldu egiten da. Mahatsaren azalak legamia du bere baitan, eta mahatsa zapaltzean legamia mamian sartzen da, azukrea anhidrido karboniko eta alkohol bihurtuz. Ardo beltzak lortzeko azala eta mamia batera hartzitzen dira. Ardo zurietan, aldiz, azala kendu egiten zaio mahatsari hartzitu aurretik. Mahatsa zapaltzeko, lehen, mahatsa harrizko kutxatan sartzen zen eta gizonek zapaltzen zuten hanka azpian. Gaur makinak erabiltzen dira lan horretarako. Lehenengo hartziduraren ondoren ardoa kupeletan jasotzen da eta bertan zenbait eraldaketa kimiko gertatzen dira. Kolorea kontuan hartuta hiru ardo mota bereizten dira: zuria, gorria eta beltza. Hartzidura azukrea aldatu baino lehenago geratuz gero ardoa gozoa irteten da eta bukatu arte utziz gero ardoa kupeletan lehortzen da. Aparra anhidrido karbonikoak sortzen du. Ardo ezagunenei, non egin, hango izena ematen zaie, hala Frantzian, Burgundia, Rodano, Bordeleko ardoak; Alemanian, Mosela eta Rhin; Portugalen, Oporto eta Madeira; Espainian, Arabako Errioxa, Valdepeñas, etab.; Euskal Herrian, txakolina eta Araba eta Nafarroakoak.  v  Ardoa antzinatik da ezaguna, agidanean Ekialde Hurbileko lehen zibilizazioez geroztik; gero erromatarrek zabaldu zuten Inperio osora eta hala egiten dute orain batean eta bestean. Ardo gehien egiten duten herrialdeak Italia (72 mila Hltik gora), Frantzia (58 milatik gora) eta Espainia (29 milatik gora) dira Europan, Ameriketan Argentina (21 mila Hl) eta Estatu Batuak (16 mila) eta Afrikan Aljeria (2,5 milatik gora).  v  Ardo beltza. Kolore iluna duena, beltza ia ia.  v  Ardo gorria. Ardo beltz mota, baina kolorez argiagoa dena.  v  Ardo zuria. Kolore argiko ardoa, mahats zuriz egina.  v  Ardo amontilatua. Andaluzian, Fronterako Jerezen egiten den ardo zahar, ondu eta argia, Montilakoa bezalakoa izan zedin egiten hasia.  v  Bordeleko ardoa. Girondan egiten dena.  v  Portoko, Jerezko, Malagako... ardoa. Non egiten den hango izena hartzen duena.  v  Ardo gozoa. Sainete hori duena eta berez 14 gradukoa gutxienez, eta irakinaldian alkohola (% 5-10) eransten diotena.