Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

araukaniar

iz. eta izlag. Etnogr. Hego Ameriketako indiar herri bati ematen zaion izena, Txile erdialdean (200.000 lagun inguru) eta Argentinan (8.000), Bio-Bio ibaiaren hegoaldetik Chiloe uharteraino hedatzen dena. Argentina aldeko araukaniarrak beste herriekin nahasi badira ere, Txilekoek hobeto gorde dituzte bere ezaugarriak. Araukaniar leinu nagusiak: pikuntxeak, maputxeak, huilitxeak eta pehuentxeak. n Historia. Araukaniarrek gogor eutsi zioten beren herriaren burujabetasunari espainiarrak hara heldu zirenean. 1536an hasi eta XIX. mendera arte, maputxe eta espainiarren arteko gudu eta gerrak etengabe ondozkatu ziren. XVI. mendearen bukaeran, Bio-Bio ibaia geratu zen maputxeen eta espainiarren arteko muga. 1655. urtean, maputxe eta pikuntxeek, Caupolican eta Lautaro buruzagiak gidari zituztela, batera eginiko eraso baten ondorioz, mugak Bio-Bio ibaitik Maule ibaira igarotzeko zalantzan egon ziren kolonizatzaileak. Gerra bukaezinak hala ekarrita, espainiarrek nolabaiteko estatu izaera ezagutu zieten maputxeei, Santiagora enbaxadoreak bidaltzeko ahalmena emanez (1774). Txileko Errepublika Burujabea jaio zenean, bereari eutsi zioten araukaniarrek. 1860. urtean, txiletarrak Bio-Bio ibaiaren hegoaldera igarotzen saiatu zirelarik, gerrara jo zuten maputxeek. Egoera horretaz baliatuta, Antoine Tounens frantses abenturazaleak Araukania eta Patagoniako errege izendatu zuen bere burua, araukaniarren berrespenaz. Txiletarrek atxilotu eta eroetxe batean itxi zuten (1862). Txile, Bolivia eta Peruren arteko gerra garaian (1880) egin zen araukaniarren burujabetasunerako azken saioa. Txiletarrak nagusiturik (1881), beste kolonizazio europar bat (10.312 kolono alemaniar, suitzar eta frantziar, 1883 eta 1890 artean) hasi zen Araukanian.         
 v  Hizkuntza. Araukaniera Hego Ameriketako hegoaldeko hizkuntza nagusia izan zen. Egun 200.000 hiztun dira Txilen eta 8.000 Argentinan, espainieraren aurrean inolako hizkuntz nahiz kultura eskubiderik ez dutenak.