Aranburu Azpiazu, Aritz
Gipuzkoar surflari profesionala (Zarautz, 1985). Zazpi urterekin hasi zen surf egiten. Euskadiko Txapelketa irabazi zuen 12 urtez azpiko kategorian, bai eta 18 urtez azpikoan ere. Euskal Herriko Surf Federazioak hautatua, Europako Txapelketan parte hartu zuen, 14 urtez azpiko eta 16 urtez azpiko kategorietan. Nazioarteko lehenbiziko garaipena Capbretonen (Frantzia) lortu zuen, Pro Junior Txapelketan, 14 urtez azpiko kategorian. Europako Surf Federazioak aukeratua, Euro-Afrika Txapelketan hartu zuen parte, 16 urtez azpiko kategorian, eta lehen eta bigarren izan zen, hurrenez hurren, Namibiako eta Hegoafrikako probetan. 21 urtez azpiko kategorian, bi aldiz bigarren izan zen Europako Txapelketan, eta beste bi aldiz bosgarren Munduko Txapelketan. Azken urteotan Europako Zirkuitu Absolutuan hartu du parte. 2007an Zarauzko Pro Surf lehiaketa irabazi eta Europako txapeldun izan zen. Munduko WQS Zirkuituan ere parte hartu du. 2007an seigarren geratu zen. Lehenengo 15en artean sailkatzeak aukera eman zion WCT Zirkuituan parte hartzeko, hau da, munduko 45 surflari onenen artean lehiatzeko. Zirkuitu horretan sartzea lortu duen bosgarren europarra da, eta lehenengo euskalduna. 2007an, Kirolari Onenaren Euskadi Saria jaso zuen, beste kirolari batzuekin batera.