Apalategi, Manuel Mª
Euskal idazlea (Ataun, 1901). Erlijio ikasketak Altsasu, Hondarribia eta Iruñean egin zituen; gero kaputxino fraideetan apaiz ordenatu, eta P. Bonifacio de Ataun hartu zuen izena. 1919. urtetik aurrera hainbat agerkaritan esku hartu zuen: «Zeruko Argia», «Euskal Esnalea», «Yakintza», «Euzko Deya» eta «El Día» eta «Euzkadi» egunkarietan. «Euzko Gogoa» aldizkarian olerkiak argitaratu zituen, eta «Boletín Americano de Estudios Vascos» delakoan euskal kulturari buruzko lanak. Rabindranath Tagoreren Amal euskaratu eta argitara eman zuen 1933an. Buenos Airesen Gure Aditza argitaratu zuen 1960an. «Boletín del Instituto Americano de Estudios Vascos» delakoren zuzendaria. Sabiaga eta Gudariarteko ezizenez sinatu ohi zuen.