Apalategi Begiristain, Joxemartin
Gipuzkoar elizgizon eta ikertzailea (Ataun, 1949 - Bilbo, 2006). 1969an filosofiako lizentzia lortu zuen Donostiako Apazgaitegi Nagusian, eta soziologiakoa Paris VIII Unibertsitatean 1972an. 1980an filosofia lizentziatura Valentziako Unibertsitatean lorturik, 1984an kultura antropologian doktoregoa eskuratu zuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Tesia Julio Caro Barojaren zuzendaritzapean egin zuen, Jose Migel Barandiaran mahaiburu zela. 1981. urteaz geroztik euskal eta atzerritar kulturen antropologoa eta irakaslea izan zen EHUn. 1984tik 1985era Paueko Unibertsitatean irakatsi zuen. 1984an, zuzendarikide gisa, Teresa del Valle eta Joanne Crawfordekin batera egin zuen lan ikerketa proiektu batean, Eusko Ikaskuntzaren Jose Migel Barandiaran beken lehen deialdian; 1994an, lehen saria lortu zuen Lekeitioko Euskal Herriko Bideoa lehiaketan Manuel Lekuona: 1894/1987 bideoarekin; Barandiaran Joxemiel liburu bildumaren sortzaile eta zuzendaria izan zen Haranburu Altuna argitaletxean. 1989an Barandiaran Fundazioaren zientzia batzordeko kide izendatu zuten. Eta 1990ean Pertsona eta Sozietatea bilduma sortu zuen Elkar argitaletxean. 1991tik 1993ra Eusko Ikaskuntzaren Gipuzkoako lehendakariordea izan zen eta Jose Migel Barandiaran hil ondoren, zuzendaritza taldekoa izan zen. Argitaratutako lanen artean daude: Introducción a la historia oral. Kontuzaharrak (1987), Antropologia hirian, Bilbon (1987), Antropologia berria. Ahozko herri produkzioa. Ataungo herria, auzoak (1988) eta Hiru etnografiazko galdeketa elikapenaz: Gasteizen, Meñakan, Zumaian (1988).
- apal 1
- apal 2
- apalaldi
- apalarazi, apalaraz, apalarazten
- Apalategi Begiristain, Jokin
- Apalategi Begiristain, Joxemartin
- Apalategi, Manuel Mª
- Apalategi Iridin, Ur
- Appalache Mendiak
- apalatxe
- apaldu, apal(du), apaltzen