Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Anuszkiewicz, Richard

Estatubatuar margolari eta grabatzailea (Erie, Pennsylvania, 1930). Josef Albers, kolorearen teoria zorrotzenaren eta eraginkorrenaren sortzailea izan zuen irakasle Yaleko Unibertsitatean. 1960an egin zuen gaur egun “Op Art” edo arte optikoa izenez ezagutzen den joerako lehen erakusketa, New Yorkeko The Contemporaries Galleryn. 1965ean egin zuen bakarkako lehen erakusketa, New Yorkeko Siney Janis galeria ospetsuan. Urte berean Arte Modernoko Museoko (MOMA) “The Responsive Eye” (Begi ikusbera) erakusketan parte hartu zuen. Ordurako Anuszkiewicz “Op Art” mugimenduaren liderra zen. Harrezkero etengabe egin ditu erakusketak. Bere lanak mundu osoko 70 museo baino gehiagotan daude ikusgai, besteak beste, New Yorkeko MOMAn, Albright-Knox Arte Museoan, Chicagoko Arte Institutuen, Hirshhorn Museoan, Metropolitan Museum of Art museoan, etab. 1997an atzera begirako erakusketa mugikorra egon zen Alemania, Suitza eta Austriako zenbait hiritan ikusgai. Arte optikoaren estetikaren jarraitzaile izaki, lilura optikoa lantzen du bere lanetan, mugimenduaren lilura sortzeko.