Angelou, Maya
Estatubatuar idazlea (Saint Louis, Missouri, 1928). Poeta eta eleberrigilea izateaz gainera, kantari, dantzari, antzezle, errebista zuzendari eta eskubide zibilen aldeko ekintzaile ere izan da. Hegoafrikaren askatasunaren aldeko borrokalari batekin ezkondua dago, eta lehenik Egipton eta gero Ghanan bizi eta lan egin zuen 1962-1966 bitarteko urteetan. Bere lanik ezagunena, I Know Why the Caged Bird Sings (1970, Badakit zergatik kantatzen duen kaiolako txoriak) nobela autobiografikoa da, erritmoz kargaturiko hizkera zorrotz eta argiaz emakume afroamerikar batzuen bizitza deskribatzen duena. Bere prosa lan gehienetan, arrazakeria salatu eta adorea, iraunkortasuna, biziraupena eta norberaren estimazioa goraipatu izan ditu. Martin Luther King, Gerald Ford eta Jimmy Carterrekin lan egindakoa da, ohorezko titulu eta sari ugari jaso ditu, eta 1993an bere “On the Pulse of Morning” poema irakurri zuen Bill Clintonek presidente kargua hartu zuenean.