André, Maurice
Frantses tronpeta jotzailea (Alès, 1933). Meatzari familia batean sortu zen, eta tronpeta ikasten hasi zen garai berean hasi zen meatokietan lanean. 1951. urtean Parisko Kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak, Sabarich irakasle zuela. Kornetako eta tronpetako lehenengo sariak irabazi zituen. 1953-1963 urteetan ORTFko orkestra filarmonikoan eta 1962-1967 bitartean Opera Komikoan jardun zuen. Bakarlari gisa aritzen zen batez ere garai hartan eta berehala hartu zuen ospea mundu osoan. Sariak irabazi zituen Genevan (1955) eta Munichen (1963). 1967-1978 urteen bitartean Parisko Kontserbatorioko irakaslea izan zen, eta kargu horretan zela errepertorio barrokoaren barruan sartu zuen tronpeta txikia. Ahazturik zeuden hainbat eta hainbat lan barroko eta klasiko berreskuratu zituen Andrék. Selmer etxearekin lan egin du si bemoleko piccolo tronpeta bat sortzeko helburuarekin, lan horietara bereziki egokitua izan dena. Andréri esker, XX. mendearen amaierako eskola nagusietako bat bihurtu da Frantziako tronpeta eskola.