Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

anarkosindikalismo

iz. Pol. Zeregin politiko nagusia sindikatuen bitartez bideratu behar dela dioen joera anarkista.  v  Historia. Marxisten aurka agertu ondoan, Lehen Internazionaletik egotziak izan ziren anarkistek «ekintza bidezko propaganda» erabili zuten, estatu eta burgesiaren aurkako borrokan. Borroka armatuak, ordea, langile masen altxamendua erraztu ordez, estatuen neurri autoritarioak indartu zituen. Ideia anarkisten aurkako ekinaldi batek langileria anarkismotik urruntzea lortu zuen. Anarkosindikalismoari heltzeko premia nabarmendu zen: parlamentuko borrokari betiere uko eginez, sindikatuetan parte hartzea erabaki zuten anarkistek. Parlamentu politika alde batera utzirik, «ekintzabide zuzena» aldeztu zuten anarkistek: kapital eta langileriaren arteko gatazkak zuzenean konpondu behar ziren langile eta patroien artean, bitartekotza guztiak baztertuz. Greba orokorra zen langileen arma, arian arian klaserik gabeko gizartea ekarriko zuen bidea. Anarkosindikalismoa beste doktrina batzuen sintesi antzekoa zen: marxismotik klase borroka kontzeptua hartu zuen (nahiz langileen alderdiaren beharra ukatzen zuen); anarkismotik, bide parlamentarioaren ukazioa eta estatu gabeko gizartearen aldeko borroka, eta Sorel-engandik, greba orokorra borroka bide bezala. Iraultza boltxebikearen garaipenak, ordea, ilundu zuen ordura arte gihartsu ageri zen anarkosindikalismoaren ospea. Espainia izan zen salbuespena, CNT eta FAI sindikatu eta mugimenduei esker.