anarkismo
iz. Estatua suntsitzea eta gizabanakoa herts dezakeen agintea ezabatzea helburutzat duen joera politikoa. v Historia. Antzinatik estatuaren aginpidearen aurkako ideiak ezagutu diren arren, jabego pribatua eta estatuaren deuseztapena aldarrikatu zuen William Godwin (1756-1836) publizista eta eleberrigile ingelesa har liteke lehen pentsalari anarkistatzat. Pierre Joseph Proudhom (1809-1865) frantses autodidaktoa izan zen, ordea, anarkista izan gabe, anarkistengan eragin handiena izan zuen pentsalaria. Jabego pribatua eta estatua kondenatu zituen neurrian, anarkia baikor baten aldeko agertu zen: askatasuna ez zen ordenaren ondorio izango, honen sortzailea baizik. Mikhail Bakunin (1814-1876) errusiar iraultzailea izan zen pentsalari anarkista osoena, dotrina akraten aita, aurreko biekin batera. XIX. mendearen bukaeran ezagutu zuen bere gorena anarkismoak, Réclus, Grave, Kropotkin, Tolstoi eta gisako pentsalariek aberasturik. Bi eskola anarkista nagusi bereiz daitezke: indibidualista eta komunista. Biek jabego pribatuko erregimena suntsitzearen beharra aldarrikatzen duten arren, ez zetozen bat aldarrikatzen zuten gizarte motari dagokionez: anarkismo indibidualistak kontsumo ondasunen jabego pribatua onartzen zuen, eta anarkismo komunistak berriz jabego kolektiboa eskatzen zuen maila guztietan. Bi joera eratu ziren langileen Lehen Internazionalean: anarkista eta sozialista. Marxen ideiekin bat ez zetozela eta, Internazionaletik egotzi bazituzten ere (Haga, 1872) eragin handia gorde zuten Italian, Espainian eta Suitzan. Anarkismo komunista nagusi egin zen akraten artean; eta sindikatu legalei kamuts iritzirik, talde klandestinoetara bildu ziren anarkistak bortxaren bidea hautaturik. Estatu eta burgesiaren bortxari aurre egiteko eta, gizarte burgesa bera suntsitu eta langileriaren garaipena lortzeko motorra bortxa zelakoan, anarkisten atentatuak ugaritu egin ziren hegoaldeko eta mendebaldeko Europan barrena, XIX. mendearen bukaeran. Estatu gizonen aurkako atentatuak hedatu ziren (1897an, Angiolillo anarkista italiarrak Cánovas del Castillo, Espainiako gobernuburua hil zuen Arrasateko Santa Ageda bainuetxean). Ekintza armatuen aldeko estrategia alde batera utzi ondoan, XX. mendearen hasieran, sindikatu iraultzaileak bultzatzea erabaki zuten anarkistek: anarkosindikalismoaren hastapenak ziren. Sindikatu sozialistekiko eta, geroago, komunistekiko arazoak ez ziren, ordea, horretan bukatu. Anarkismoaren jatorrizko ideiei beti leial segitu zuten talde anarkistek Langileen Nazioarteko Elkartea sortu zuten (Berlin, 1922ko abendua-1923ko urtarrila), Lehen Internazionalaren izena bere eginez. Elkarte berria osatu zutenen arteko talderik garrantzitsuena CNT (Confederación Nacional de Trabajadores) espainiarra zen. Berlingo lehen kongresu hartan parte hartu zuen Galo Díez Gipuzkoako buruzagi anarkistak. Mugimendu anarkista Euskal Herriko langile gune guztietara hedatu zen arren, ez zuen sekula garrantzirik hartu, Katalunian ez bezala. Langileen Nazioarteko Elkartea alderdi politiko sozialdemokraten aurka agertu zen beti, iraultza boltxebikeak jaso zituen kritikak txikiagoak izan ez zirelarik. Europa osoan eta Ameriketako hainbat estatutan (Argentina, Uruguai eta Estatu Batuak) garrantzi handia hartu zuen anarkismoak, indarra galdu egin zuen gero, Lehen Mundu Gerraren ondoren. Espainia izan zen salbuespena. CNT izan zen Gerra Zibila arte bertako sindikaturik handiena, eta FAI (Federación Anarquista Ibérica), garrantzi handiko higikunde politikoa. Bigarren Mundu Gerraren ondoren, joera sozialdemokratak eta komunistak nagusitu ziren langileen artean eta anarkismoaren eragina izugarri ahuldu zen.