Amy, Gilbert
Frantses musikagile eta orkestra zuzendaria (Paris, 1936). Parisko Kontserbatorioan konposizioa ikasi zuen D. Milhaud eta O. Messiaenekin, eta gero ikasketa horiek Basilean sakondu zituen P. Boulezekin. Zuzendari gisa, gaur egungo musikaren interpretazioan lan egin du hein handi batean. 1967-1972 urteen artean, Domaine Musical taldea zuzendu zuen P. Boulezen ordez, eta harrezkero konposizioa eta orkestra zuzendaritza aldizkatzen ditu. 1976-1981 bitartean, Frantziako Irratiaren Orkestra Filarmoniko Berriaren zuzendaritzaz arduratu zen, eta Parisko Odéonen J.L. Barraulten zuzendaritzapean zuzendari laguntzaile gisa lan egiteak musika sorkuntzarako bide berriak ireki zizkion. Musikagile gisa, hasieran zorroztasun eta fintasun handiko lanak egin zituen, Strophe eta Cycle (biak 1964koak) esate baterako, eta geroago, berriz, askatasun handiagoko lanak: Cette étolie enseigne à s’incliner (1970, Izar horrek makurtzen erakusten du), Sonata pian’e forte (1974), etab. 1979an, Frantziako Musikaren Sari Nazionala bereganatu zuen. 1984az geroztik, Lyongo Musika Kontserbatorio Nazionala zuzentzen du.