Amorrortu, Sebastian
Inprimatzailea (Bilbo, 1867). Gaztetandik inprimategietan lan eginik, hogeita lau urteetatik bere inprimategia izango zuen «Librería y Editorial Euzko-Ixarra», abertzaleen idazlanak argitaratzeko argitaletxe garrantzitsuena izan zena. Haren moldiztegitik irten ziren Bizkaitarra, EAJk propaganda politikorako kaleratu zuen lehen egunkariaren ale guztiak. Halaber, Sabino Aranak izendatu zuen lehen Euskeldun Batzokijako batzorde zuzendariko diruzaina (1894ko uztailaren 15a) izan zen. Argentinara emigratu zuen 1910ean. Buenos Airesen kokatu zuen gerora garrantzitsua izan zen Amorrortu inprimategia. Euskal kulturari buruzko liburu garrantzitsuak argitaratu zituen, batez ere Ekin Biblioteca de Cultura Vasca izeneko sailean.