Amárica, Fernando
Euskal margolaria (Gasteiz, 1866 - Gasteiz, 1956). Argitasun handiko paisaia pintore honek Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan ekin zion marrazteari 1885 urtean; handik bi urtera Zuzenbidean lizentziadun egin zen. Pinturari erabat emanik, Florenzia, Venezia, Milan eta Napoli ezagutu zituen. Joaquín Sorollaren ikaslea izan zen. Bere obrak Parisko Aretoan (1903) eta Marseillako Erakusketan (1905) azaldu zituen. 1923an Madrilgo Palacio de Bibliotecas y Museos delakoan egin zuen bere lehen erakusketa handia, eta arrakasta handia izan zuen. Han aurkezturiko ikuspegiez osaturiko erakusketa egin zuen Gasteizko Arte eta Lanbide Eskolan 1924an, bere hirikideen miresmena jasoz. Handik lau urtera, 1928an, bere obren bilduma aurkeztu zuen Bilboko Delcraux Aretoan. Harrez gero, pintura eta literatura lanak tartekatuko zituen, eta 1950ean liburu bat argitaratu zuen: Desde mi molino. Bi urte geroago, ikusmena galdurik, buruz jarraitu zuen pintatzen. Hiltzean, sorterriari utzi zion bere obra guztia, laurehun koadrotik gorakoa. Haren izena daraman Fundazioan berrehun koadroz goiti daude gordeta. Erakusketa antologikoa ikusi ahal izan zen Gasteizen (1986), Bilbon (1987) eta Donostian. Madrilen ere erakusketa antologikoa egin da (1989). Haren koadro ezagunenen artean hauek aurkitzen dira: Alava, Escalando al cielo, Desnudo, Autorretrato (1887), Tarde de Septiembre, Tres puentes, La vuelta del Zadorra en Villodas (1898).
- Amara
- amarantazeo
- amarantita
- amaranto
- amaraun
- Amárica, Fernando
- amarili
- amarilidazeo
- Amarilis
- Amarita
- Amarna, Tell al