Altig, Rudi
Alemaniar txirrindularia (Manheim, 1937). Alemanian inoiz izan den txirrindularirik onenetakotzat jotzen da. Amateur gisa hasi zen Alemaniako nahiz munduko lasterketak irabazten. Besteak beste, amateur mailako kilometro bateko (1´09´´6) eta 5 kilometroko (6´10´´2) munduko errekorrak lortu zituen Kolonian, profesional egin zen urte berean (1959). Profesionaletan 5 kilometroko munduko errekorra ere lortu zuen 1962an Zurichen (6´07´´60). Oso-osorik pistan jarduteko aukera izan zuen arren, errepiderako zituen gaitasun handiak ere frogatu nahi izan zituen, eta goi mendietan izan ezik beste alor guztietan nabarmendu zen. Jacques Anquetilen taldekide zelarik, azken erlojupekoan aurrea hartu eta Rudik irabazi zuen 1962ko Espainiako Itzulia. 1963an, bizkarrezurrean ebakuntza izan ondoren, izter hezurra hautsi zuen Espainiako Itzulian, eta beste ebakuntza bat jasan eta gero, berriro lehiatzen hasi zen; harrezkero, Andaluziako Itzulia eta Flandeskoa irabazi zituen 1964an, Lasarteko Munduko txapelketan bigarren izan zen, eta 1966an, berriz, munduko txapeldun Alemaniako Nurbugrigen, orduan ere J. Anquetilen aurretik. Erretiratu zenean (1971), Alemaniako taldearen entrenatzaile egin zen.