Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Altabizkarko kantua

Orreagako gudua gai duen kantu apokrifoa. 1834. urtean, M. Garay de Monglave Institut Historique delako elkarteko idazkariak artikulu luze batean aurkeztu zuen antzinako kantu hau, Orreagako garaipenaren denboratik, ahozko tradizioaren bidez kontserbatu omen zena. La Tour d’Auvergne ospetsuarena zen pergamino batean irakurri zuen Garayk, baina argitaratu zuen testuan Pirinioen bi aldeetan bildutako ahozko aldaerak kontuan hartzen zituen. Inork ez zuen, alabaina, halako pergaminorik ikusi ezta ahozko kantu hori ezagutzen ere. Egia bestelakoa zen: Garayk ez zekien euskararik eta Parisen, Euskal Herriko ikasleen artean egin ohi ziren bileretan irakurria zuen berak frantsesez konposaturiko obra. Gero, bilera haietako kide batek, Luis Duhalde d’Espelettek, ahapaldi libretan euskaraz eman zuen delako kantua. Asmakariak zer esan handiak sortu zituen orduko espezialisten artean denbora batez, F. Michel eta José de Manterola ere engainatu zituelarik. 1883. urtean, Wentworth Webster-ek argitu zuen guztia Madrileko Real Academia de la Historiako aldizkarian egin zuen artikuluaren bidez.  v  Kantuak, asmatua izan arren, eragina izan du zenbait autoretan, hala nola, Campionen lanetan.