Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alsazia

(Alsazieraz Elsass) Vosgo mendien eta Rhin ibaiaren artean (Alemaniako Rhenania-Pfalz) hedatzen den Frantziako ekialdeko lurraldea, Suitza eta Juraren iparraldean. Honako eskualde historikoek osatzen dute Alsazia: Hardt, Harth, Nordgau eta Sundgau, nahiz gaur Haut-Rhin eta Bas-Rhin departamenduetan banatzen den. 8.310 km2 eta 1.566.048 biztanle. Hiriburua, Estrasburgo. Hiri nagusiak: Haguenau, Colmar eta Mülhouse.  v  Historia. Zeltek hartu ondoan, Zesarrek konkistatu zuen Alsazia K.a. 58an, Goi Germania probintzia barnean sarraraziz. Klovisek menderatu ondoan (496), bertan egokitu ziren frankoen agindura zeuden alemaniarrak, Germania edo Suabiako konderriaren mende. 774-776 urteetan konkistatua, bitan banatu zuten Alsazia karolingiarrek: Nordgau eta Sundgau. Karlomagno hil ondoan, Alsazia Lotaringia barnean geratu bazen ere (Verdungo Ituna, 843), Luis Germaniarrak bereganatu zuen lurraldea eta, zortzi mendetan zehar, Alemaniako historiari lotua agertzen da Alsazia. Habsburgotarren mendean egon ondoan, XV-XVI. mendeetan, Alsazia Errenazimentu eta Erreformaren alde jarri zen. Hogeita Hamar Urteko Gerraren ondoan (Münster-Westphaliako Ituna, 1648), frantsesen eraginpean geratu zen eta 1681. urtean, Luis XIV.a garaile sartu zen Estrasburgon. Iraultza garaian, bi departamendu eratu ziren Alsazian: Haut-Rhin eta Bas-Rhin. Vienako itunaren arabera (1815) Frantziak bere mende gorde bazuen ere, 1871. urtean alemaniarren eskuetara igaro zen Alsazia. Frantziako gobernuak bultzaturiko politikaren ondorioz, biztanleriaren % 10 Alsazia utzi eta erbestera, Aljeriako Kabiliara nagusiki, joan zen. Lehen Mundu Gerra galdu ondoan, Alemaniak utzi behar izan zuen berriro eta, 1940ko ekainean, berriz ere hartu zuten oste alemaniarrek, 1945ean berriz galdu zuten arte. 1949tik aurrera, Estrasburgo, Alsaziako hiriburua, Europako Kontseilu eta Europako Legebiltzarraren egoitza da.
 v  Biztanleria eta ekonomia. Alsazia populazio handikoa izan da betidanik (188 biztanle km2-ko). Biztanleriaren % 30 herri txikietan bizi da eta % 10 nekazaritzan ari da. Alor honetako ustiapenak gero eta handiagoak dira; laboreak, lupulua, choucroute-aza, tabakoa, loreak, fruituak dira nagusiak. Ardogintza ere garrantzi handikoa da. Frantziatik Europa ekialderako bidean dagoelarik, Alsazia errepide, burdinbide eta ibaibide (Rhône-Rhin eta Marne-Rhin ubideak; Alsaziako ubide handia) askoren bilgunea da. Baldintza hauek erraztu dute, ezbairik gabe, Alsaziako industriaren garapena (ehungintza hasieran, potasio ustiapena, elektrizitate ekoizpena, metalurgia eta petrolio industria), Frantziako industria eskualde boteretsuenetakoa bihurtuz.          
 v  Hizkuntza. Alsaziarren berezko hizkuntzak, alsazierak, ez du hizkuntza molde bakar bat adierazten. Gehiengoa behe-alemanez mintzo bada ere, Alsaziako hegoaldean (Ferrette) goi-alemanez hitz egiten dute eta iparraldean (Ingweiler, Niederbronn, Wissenburg) germaniar-frantzikoa da nagusi. Frantsesa da, bestalde, hizkuntza ofiziala eta nagusia.