Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Alboka

Euskal musika taldea, Txomin Artola, Josean Martín Zarko, Joxan Goikoetxea eta Alan Griffinek 1994an osatua. Musika tradizionala biltzea eta era instrumental eta akustikoan interpretatzea zuen helburua. Gitarra, mandolina, bouzoukia, ttun-ttuna, akordeoia, gaita edota txirula bezalako instrumentuak baturik, euskal kantutegi oparo eta garrantzitsuetatik aukeratu zituzten Alboka izeneko lehen diskoan jasotako dantza eta melodiak. Atzerrian lan honek proiekzio handia izan zuenez, nazioarteko folk jaialdirik garrantzitsuenetan jo du Alboka taldeak: Dranouter (Belgika), Folkest (Italia), Euromusika (Hungaria), Forde (Norvegia), Musika Interzeltikoaren Jaialdia (Italia), Folk Segovia (Espainia), Musicas Vivas (Vic, Catalunya), Folk Getxo, Manifesta-Amarante (Portugal), Conciertos de Radio3 - TVE2, Festival de Músicas de Raiz (Murtzia), Ottocento festival - Saludeccio (Italia), etab. 1997an Juan Arriola biolinista batu zitzaion taldeari. Ordutik gaur arte taldea itxura tradizionaleko gai berriak konposatzen hasi zen, eta bigarren lana argitaratu zuen, Bi beso lur izenekoa. Lan honetan, lankidetza aipagarriak ez ezik, estiloa eta musika tresnen trataeraren sendotzea dira aipagai.