Alaska
(Eskimalez «Kontinentea») Ameriketako Estatu Batuetako estatua, Kanadak kontinenteko beste 48 estuetatik bereizten duena. 1.518.700 km2 (AEBetako estatu handiena da), 401.851 biztanle (1980) (indiarrak, eskimalak eta zuriak). Hiriburua: Juneau. Hiri nagusiak, Anchorage, Fairbanks. v Orografia. Hiru eskualde nagusi bereizten dira Alaskan: batetik mendilerro garaiak, Mc Kinley (6.194 m, Ipar Ameriketako gailurrik altuena), Logan (5.956 m) eta Saint Elias (5.510 m); bestetik, barnealdeko goi ordokiak, Yukon ibaiak igarotzen dituenak, eta azkenik, Brooks Mendiek bereizten duten Artiko Ozeano aldea. v Klima. Hegoaldeko ozeano aldeko klima hain gogorra ez bada ere, barnealdeko kontinente aldeko klima oso hotza da (-57° C-rainoko tenperaturak). Iparraldea polarra da. v Ekonomia. Mea aberastasunak: urrea (gainbehera), kobre eta petrolio ustiapenak; ikatz eta burdin gordailu handiak. Arrantza industria (izokina, halibuta eta karramarroak) mea industriaren parekoa da; kontserba industria. Laborantza (lekadunak eta fruitu mamitsuak) oso zabaldua dago, latitudea kontutan hartzen bada. Larruki eta zur industria handiak. Komunikazio zailtasunak oztopo handia dira ekonomiarako. Airezko trafiko handia. v Historia. Beringek esploratua 1741. urtean, Errusiaren eskuetara igaro zen ondoren, okupazio hura halamoduzkoa izan bazen ere. 1867. urtean AEBen eskuetara pasa zen, 7.200.000 dolarren truke. Lurraldeak garapen handia izan zuen urreketarien etorrerakin (1885-1907, nagusiki). Fairbanks eta AEBek Kolunbia Britainiarrean barrena lotzen dituen bidea 1942. urtean eraiki zen, japoniarrek Aleutiar Uharteak hartu ondoan. 1959. urtean, Alaska AEBetako 49. estatua bihurtu zen. 1964an lurrikara izugarri batek eraso zuen Alaskako hegoaldea eta 1989ko martxoan «Exxon Valdez» petrolio ontziak izan zuen istripu baten ondorioz, 40 milioi litro petrolio isuri zen hango kostaldean, kalte ekologiko izugarriak sorraraziz.