Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

Akiles

(Gr. Akhilleus) Mit. Homeroren heroia, mirmidoniarren erregea, greziarren arteko gudari adoretsuena Troiako setioan. Tetis eta Peleoren semea, Kiron zentauroa izan zuen irakasle gerra antzeetan. Zauriezina egiteko asmoz, amak Estigio aintziran sartu zuen orpotik atxikirik zuela. Troian hil behar zuelako iragarpena saihestu nahiz, haren amak Sziros uhartean ezkutatu zuen, baina greziarrek, haren adorea ezaguturik, Ulises bidali zuten haren bila. Troiako setiora eramanda, bere ospea egiaztatu zuen, kemen handiz borrokatuz, harik eta Agamemnonek Briseida jopua kendu zion arte. Bere dendara erretiraturik ez zuen gehiago borroka egin nahi izan. Akilesen haserreak arriskuan jarri zuen greziarren garaipena, troiarrak behin eta birritan nagusitu baitzitzaizkien. Patroklo laguna Hektorrek hil zuenean, berriro ekin zion borrokari Hefestok landu eta apaindutako arma miragarriekin. Mendekua hartu zuen Hektor hilez, baina beronen anaia Parisek jaurtikitako gezi hilgarriak orpoan jo zuen. Akilesen heriotzaren ondoan, eztabaida sortu zen Ulises eta Ajaxen artean heroiaren armez nor jabetu.