Ajuriagerra Otxandiano, Juan
Euskal politikaria (Bilbo, 1903 - Aiegi, 1978). Etxegile foruzale baten seme, gaztetandik abertzaletasunaren aldeko agertu zen, eta mendigoizale taldeetako kide izan zen. Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilbon bertan. Euskal abertzaletasunaren aldeko jarrera izan zuen oso gazte zenetik, eta Eusko Alderdi Jeltzalean sartu zen 1929. urtean, 1934an Bizkai Buru Batzarreko kide izendatu zuten eta kargu hartan iraun zuen 1937ko abuztuaren 28ra arte. Gerra zibilean gudarien buru izan zen. Bilbo Franko jeneralaren gudarosteak hartu zuenean, 1937ko abuztuan Eusko Gudarosteak Italiako armadaren aurrean errenditzeko negoziaketetan taldeburu izan zen Eusko Gudarostearen aldetik (Santoñako Ituna). Francok delako Ituna ez betetzean, hiltzera kondenatu zuen. Indultatu ondoren sei urte (1937-1943) igaro behar izan zituen espetxean Frantziara ihes egin baino lehen. Isilpeko borrokaren eratzailea, hogeita hamar urtez ezkutuko abertzaleen buru izan zen. 1947an, Jose Antonio Agirrerekin batean, Kristau Demokraziaren Nazioarteko Taldeen sorreran esku hartu zuen. 1965ean, Gil Roblesen «Democracia Social Cristiana», Kataluniako «Unión Democrática» eta Jiménez Fernándezen «Izquierda Democrática Cristiana»-rekin batean estatu espainoleko «Equipo Demócrata Cristiano» delakoa eratu zuen Taorminan. Franco hil ondorengoko lehen hauteskundeetan, artean Bizkai Buru Batzarreko Lehendakaria zelarik, Eusko Alderdi Jeltzaleak Bizkaiko zerrenda buru aurkeztu zuen, eta diputatu aukeratu zuten. Gero, Eusko Kontseilu Nagusiaren Lehendakaritzarako hautagaia izan zen. 1978an, eskumendeak Gobernu Zentraletik Eusko Kontseilu Nagusiari aldatzeko helburuarekin eratu zen Bitariko Batzordearen Lehendakariordea izendatu zuten. Kargu hartan zelarik, lehentasuna gai hauei eman zien: Kontzertu Ekonomikoak, Batzar Nagusiak eta aginte gaien aldatzea. Bestalde, Espainiako Estatuko egitura federalaren arabera eratzearen aldekoa zen. 75 urte zituelarik hil zen Aiegin, Lizarra ondoan.
- ajeatze
- Ajima, Chokuyen Naonobu
- ajimez
- ajonjera
- Ajuria Eneako Ituna
- Ajuriagerra Otxandiano, Juan
- Ajuriagerra Otxandiano, Julian
- Ajuriaguerra Alberti, Isabelle de
- aka
- Akaba
- akabaila