Agirre Lekube, Jose Antonio
Euskal politikaria (Bilbo, 1904 - Paris, 1960). Aita, Teodoro Agirre, bergararra zuen eta ama, Bernardina Lekube, mutrikuarra. Aita abokatua zen, familia txokolate industria baten jabe zelarik. Batxiler ikasketak Urduñako jesuitetan egin zituen eta Deustuko unibertsitatean, Zuzenbide karrera. Kirolzale handia, Bilboko Athletic Club taldeko jokalaria izan zen. 1929an hasi zen abokatu lanetan. Oso erlijiosoa, Ekintza Katolikoaren Gazteriako buru izan zen Bizkaian. Gaztetandik abertzaleturik, Primo de Riveraren diktaduraren azken garaian EAJko militantea zen jadanik. 27 urte zituela Getxoko alkatea eta Gorteetarako diputatu izendatu zuten; 1932 eta 1936an berriro diputatu hautatu zuten. Gorteetan Minoría Vasco-Navarra delakoaren idazkaria izan zen. Getxoko alkate gisa Euskal Herriko Alkateen Batzordearen buru izan zen. 1931ko ekainaren 14an Euskal Udalen Batzarrak Autonomia Estatutua onartu zuen eta beronen defentsari ekin zion Gorteetan. 1931ko abenduan dekretu batek hartara beharturik, beste estatutu bat idatzi behar izan zen. Nafarrek gaitzetsi egin zuten estatutu berri hori 1932ko ekainaren 19an Iruñean bilduriko Euskal Udalen Batzarrean. Errepublikaren azken hauteskundeetan, 1936ko Otsailaren 18an diputatu hautetsi zuten hirugarren aldiz. 1936ko altxamendu militarrak Bizkaian eta Gipuzkoan huts eginik, Agirre Largo Caballeroren batasun gobernuarekin lan egiteko prest agertu zen eta 1936ko urriaren lehen egunean Gorteek Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu zuten. Urriaren 7an Gernikan bilduriko alkateek lehendakari aldarrikatu zuten. Haren agindupeko gobernua, besteak beste, Eusko Gudarostea eta Unibertsitatea eratu beharrean aurkitu zen. Bilbo erortzear zegoela, gobernuarekin batean Turtziozera (1937ko ekaina) eta Santanderra aldatu ziren. Handik Miarritzera, eta gero Parisa igaro zen. 1937ko abuztuan Bartzelonan hartu zuen egoitza, 1939ko urtarrilaren 26an hiri hura ere frankisten eskuetan erori zen arte. Frankistak, frantsesak eta Gestapo haren zantzua hartu nahirik zebiltzala, Frantziatik Belgikara, Alemaniara eta handik Suediara igaro zen. Handik irten eta 1941eko uztailaren 31n Ameriketara iritsi zen zama-ontzi batean. 1945ean Parisa itzuli zen. Bertan, erbesteko Jaurlaritzaren lehendakari gisa lanari ekin zion bere herria askatu beharrez. AEBen eta SESBen arteko gerra hotza zela eta, Francoren Espainia lehenengoen aliatu bihurtu eta nazioarteko erakundeetan (UNESCO, ONU) sartzea kolpe handia izan zen Agirrerentzat, demokrazia liberalek aberria askatuko zutelako uste osoa baitzuen lehendakariak. 1960ko martxoaren 22an hil zen, haren gorpua Donibane Lohizunen ehortzia izan zelarik. Bere bizitzaren gorabehera politiko eta pertsonalen lekukotza bi liburutan utzi du: Entre la libertad y la revolución, 1930-1935 (1935) eta De Guernica a Nueva York pasando por Berlín (1944).