Agam, Yaacov
Israeldar artista (Rishon le-Zion, Palestina, 1928). Arte zinetikoaren aitzindaria. Material berriak ikertu ditu ikuspuntuaren arabera aldatuz doazen obrak sortu eta ikuslea esploratzera gonbidatzeko. Bere lanak lotura handia du erlijio juduarekin. Bere hasierako obra estatikoari, zenbat eta ikuslea artelanaren inguruan gehiago mugitu, orduan eta etekin handiagoa ateratzen zaio. Obra hauek haizemaile baten eran tolesturiko pantailez osaturik egon ohi dira, eta elementu bakoitzak hurrengoarekin lotzen den diseinu abstraktu bat du. Pantailaren atzean dauden elementuak zulo eta zirrituetan zehar ikus daitezke soilik, eta beraz, koloreak eta formak etengabe aldatzen dira ikuslea tokiz aldatu ahala. Horrelakoak dira, esate baterako, Tefila (1966) eta Galim (1972). Nabarmentzekoak dira Agamen altzairu herdoilgaitzezko eskulturak ere. Bihotz taupakaria kurba leunez osatutako multzoa da; Mila ateak (1972), Israelgo lehendakaritzaren egoitza aurrean dago, Jerusalemen, eta etengabe aldatzen diren errainu angeluzuzenak eratzen ditu. Naturaltasunaren bila, Agamek espresio bide asko erabili ditu, soinua, argia eta ura, esate baterako. Elementu horiek erabili zituen Défensen (Parisen) egin zuen soinuzko iturrian (1976). Agamek, obraren garrantziagatik eta nazioartean duen ospeagatik, obra publiko ugari egiteko enkargua jaso du, besteak beste, Jerusalemgo Kongresuen Zentroko sabaiko pintura edota New Yorkeko Juilliard musika eskolaren aurrean dagoen eskultura. Juduen tradizioko ikur abstraktuak testuinguru esperimental eta berritzailean erabiltzean datza, neurri handi batean, Agamen obraren xarma.
- agalaktia
- agalaktiko
- agalaxia
- agalmatolita
- agaloko
- Agam, Yaacov
- agama
- Agamemnon
- Agamemnon
- agami
- agamia