afasia
iz. Med. Hitz egiteko gaitasunaren ezintasuna, burmuinetako eritasunen baten ondoriozkoa, gehienetan. Hiru eratako afasiak daude, garrantzizkoen direnak. Mintzamenaren afasia, edo Brocaren afasia ere deitua, gaixotasun hori duena, hizkuntza ulerturik, hitzak artikulatzeko gauza ez denekoa; ulermenaren afasia, edo Wernickeren afasia ere deitua, eriak hitzen ulermena galtzen duenean; eta erabateko afasia, aurreko biak batera gertatzen direnean. Afasiak, komunikatzeko gaitasuna eragotzi ez ezik, gogamena, hizkuntzan oinarritzen den aldetik, oztopatu egiten du, eta pentsamendu sinbolikoa eta abstraktua eragotzi egiten ditu hein batean.