Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

aerosol

iz. Fis. Solido edo isurkari baten partikulen barreiadura gas batean. Aerosolak medikuntzan, nekazaritzan eta lurringintzan erabiltzen dira, batez ere. ■ Aerosol ontzia. Hauts, apar edo isurkari zorrotada moduan gai mota ugari barreiatzeko erabiltzen den ontzi balbuladuna. Barreiatu nahi den gaia (pintura, kosmetiko, intsektizida…) kanporatu ahal izateko, gas propultsatzaile batekin nahasi ondoren, ontzian presiopean ixten da. Propultsatzaile horietako batzuek, oxido nitrosoak edo karbono dioxidoak adibidez, gas egoeran irauten dute aerosolean, nahiz eta presiopean itxita egon. Beste zenbait, ordea, klorofluorokarbonoak esate baterako, isurkari bihurtzen dira. Bi motatako aerosol ontziak daude: batean, produktua isurkari propultsatzailearekin nahasten da, eta kanporatzean gas bihurtzen denez, tanta moduan barreiatzen da; bestean, gaiak gas propultsatzailea izan ohi du goiko aldean, eta isurkaria hondoan. Bi sistemetan, balbula sakatzean, tutu batean zehar gorantz ateratzen da gaia. Aerosolaren hondoko gas isurkaria lurrindu egiten da presioari aldatu gabe eusteko. 1970eko hamarraldiaz geroztik egindako ikerketen ondorioz, klorofluorokarbonoek (CFC) atmosferako ozono geruzari erasotzen diotela frogatu da, eta horregatik, herrialde askotan debekatu egin dituzte, nahiz eta kasu jakinetan erabiltzen diren oraindik.