Kultura eta Hizkuntza Politika Saila

adreilu

iz. Buztin lurra lehortuta edo erreta egindako atala, eraikuntzan erabilia.  v  Historia. Buztina lehortu eta egosiz lortua, antzina antzinatik erabilitako ekaia izan da: Neolitoan adibidez, adobeaz baliatzen ziren, eguzkitan lehorturiko adreiluaz, hain zuzen. Geroago jakin zen sua egokiagoa zela adreiluak lehortzeko. Hainbat motatakoak izan daitezke adreiluak, osagaien, erabileraren eta egiteko erabiltzen diren sistemen arabera. Adibidez, antiazidoak eta silikokalkareoak; baina eraikuntzakoak dira ezagunenak. Antzina, buztin hutsez egiten ziren adreiluak, eskuz landu eta eguzkitan lehortuz. Gaur egun, ordea, teknika berriak erabiltzen dira, eta honako lau pauso hauek osatzen dute prozesua: orea prestatu, itxura eman, lehortu eta erre. Buztina harrobitik atera eta xehatu egiten da txiki-txiki geratu arte. Gero beste osagai batzuekin nahasten da (askotariko buztin motekin, osagai kimikoekin…) eta makinara iristen denean itxura ematen zaio moldeen bidez. Hirugarren pausoa ganbera edo tuneletan egiten da, pitzadurarik ez gertatzeko. Bi eratara erretzen da adreilua: labe jarraituetan, adreilua geldirik utzita, edo tunel moduko labeetan, hauetan zehar mugitzen delarik.